Diling Delon
Duela gutxi aipatu nuen Viscontiren “Il Gattopardo” ahaztezinean Alain Delon, «dena aldatu behar da ezer alda ez dadin» esaldiarekin. Duela sei urte “Itzaltzen doan izarra” idatzi nuen hementxe, Senako Gainak departamenduan sortu zen aktoreari buruz; orduan 83 urte betetzeko zeuzkan, elkarrizketa batean leitu nion bizitzeko gogorik gabe bizi zela, eta horra, 88 urterekin joan da.
Halakoetan bizitzeko aukerarik ez dutenekin lotzen zait pentsamendua, izan gaitzak, izan hilketa deitu behar litzatekeen gerrak ez dielako paradarik eskaintzen. Fikziozko film bat da ene burukoa, baina botoi ttipi bat balego bat bestearekin ordezkatzeko, gustura sakatuko nioke. Bale, jainkotiar samarra da ene gogoeta hau, faxista ez esatearren. Maite zutenek beti oroituko dute Delon, besteok ere bai, tamalez; orain tinta errekak isuriko dira haren handitasunari buruz, eta barkaberak garenez, egindako oker guztiak arinduko dizkiogu.
Horrelakoa da bizitza, egin ezazu behar duzuna. Zakurrak maite zituela erranen dute, adibidez, haiekin nahi zuela lurperatua izan; tira, bere seme zaharrena zakur kaiolan sartzen zuela oroituko dut, bizitzaren aurrean gogortzeko, zailtzeko, hala salatu zuen bere seme ttipienak liburu batean, telebista frantseseko dokumental batean ere aitortu zuten, eta ez dut frogarik behar hala denetz sinisteko. Hau egiteko gai den gizakia ahazteko beharra baizik ez dut.