Txikotaren bitxikeriak; nola erabili, nola zaindu eta Jack O’Neillen adibidea
Ziur aski, olatu on bat hartzen dugunean enbarazu egingo digu, baina ezinbestekoa da gure segurtasunerako. Hona txikota egoki erabiltzeko zenbait aholku. Bestalde, Jack O’Neillek merkaturatu zuen lehen txikota Kalifornian, baina begia galdu zuen.
Surflari batek jarraitu behar dituen segurtasun arauetan, badira bi ezinbestekoak direnak. Lehena, Jerry Lopezen premisa, «nonbait surf egitera sartu aurretik irteteko gai izango zarela ziurtatu». Eta bestea, txikota lehorrean lotu eta askatu. Alegia, txikota ez da askatu behar inoiz uretan, ezta hondartzatik metro gutxira gaudenean ere.
Surf irakasle askok garrantzia ematen diote txikota atzealdean jartzen dugun orkatilan lotzeari, baina egiaz tontakeria da, txikota atzealdean lotzearen arrazoi bakarra traba gutxiago egitea baita. Esaterako, badira bizi osoa surf egiten daramaten surflariak aurreko orkatilan lotzea nahiago dutenak. Beraz, ez du balio ikasleari halako txikikeriekin burua nahasteak.
Txikotaren helburua taulak ez ihes egitea da, eta ongi lotuta dagoen artean helburu hori beteko du. Egia da bi metrotik beherako olatuetarako txikotak eskasak direla, azkar higatzen den belkroa dute eta birakaria ere hauskorra izan ohi dute. Paradoxikoki, olatu handietarako txikotak duela 30 urtekoak bezalakoak dira, soka batekin egindako korapiloen sistema erabiltzen dute.
ERABILERA EGOKIA
Txikotak ez du aparteko zainketarik behar, saio bakoitzaren ostean belkroari hondarra kendu eta ur gezarekin ureztatzea nahikoa da, baina badira kontuan hartu beharreko beste zenbait kontu. Lehena, txikotaren kableak taula baino luzeagoa izan behar duela; bestela, erortzean taula errebotean gure kontra etor daiteke. Bigarrena, belkro sistemak egoki lotuta egon behar duela; oso erraza da, baina surflari asko ikusten da hondartzan belkroa gaizki lotuta.
Taula eta txikota lotzen dituen sokatxoa ere egoki lotzea garrantzitsua da. Sokak egoera onean egon behar du eta ez du luzeegia izan behar. Alegia, soka taularen ertzetik ateratzen bada, taula «mozteko» arriskua dago. Horretarako dauka txikotak «babeslea», taularen ertza babesteko.
Txikotaren uretanozko kablea ongi zaintzeko garrantzitsua da noizean behin ur gezarekin garbitzea, zeren bestela «lehortu» egiten da eta pitzadura txikiak sortzen dira. Pitzadura horietako batetik hautsiko da gero kablea.
Surflari askok kablea taularen atzealdean bilduta eramaten dute. Ez da egokia, zeren kableak forma desegokia hartzen du eta, batez ere, lemen urradurarekin pitzadurak sortzen dira (ikus ezkerreko irudia). Belkroa gero eta gutxiago erabili hobe, lotuta mantendu behar da, baina kablea aske eramatea komeni da.
BITXIKERIAK
Antzina, taulak oso handiak eta astunak ziren, eta surflariak taula galtzen zuen erortzen bazen. Taula txikiagoak eta arinagoak egiten 60ko hamarkadan hasi ziren, eta orduan hasi ziren surflariak taulak ihes ez egiteko esperimentuak egiten.
Jack O’Neill neoprenozko lehen ur-jantziak egin eta merkaturatu zituen asmatzailea hasi zen Santa Cruzen lehen txikotak saltzen. Ordea, txikota bere semeak diseinatu zuen, Pat O’Neillek, eta 1971. urtean Malibun egin zen txapelketa batean berak banatu zituen lehiakideen artean. «Txikota eroa» deitu zion, eta hilabete gutxiren buruan Kalifonia osoan hedatu zen.
Taularen aurrealdearen gainaldean hodi kirurgiko bat itsasten zuen bentosa batekin, eta beste muturra esku muturrera lotzen zen. Istripu asko izan ziren txikota harekin, erortzean taularen punta erakartzen baitzen. Asmatzailearen aitak, alegia, Jack O’Neillek, horrela galdu zuen begia, eta ordutik O’Neill markaren logotipo nagusia da bere argazkia, begia estaltzen dion txaplata batekin.