Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MAMIFERA

(Ez) amatasuna estereotipo idealizatuetatik harago

Azken urteotan gero eta modu egokiagoan ari da jorratzen amatasunaren gaia, errealitate guztiak kontuan hartuta. Tira, ia guztiak, oso gutxitan ikusi baitugu “Mamifera” filmak azaleratzen duena: «Ez dut ama izan nahi» dioten emakumeena. Liliana Torres zuzendariak, errealismo eta zintzotasun handiz, emakumeen gorputzean eta buruan gertatzen diren aldaketak eta horiek sortzen dituzten emozio oso konplexuak aztertzen ditu.

Erritmo geldoarekin garatzen da istorioa, baina horrek hausnarketari tartea ematen dio; ikusten ari zaren momentuan buruari eragiten ariko zara. Arriskua zegoen komedia erromantiko arrunt bat egiteko, baina Torresek aukeratu duen tonua eta estiloa aproposenak iruditu zaizkit; dokumental kutsua duen eszenaratzea erabili du, antzezpen lanei eta gaiaren konplexutasunari arreta eta indar berezia emateko.

Maria Rodriguez Soto eta Enric Auquerren antzezpen lanak bikainak dira. Kamera pertsonaiengandik oso hurbil kokatzen da; protagonistaren emozioak eta aldaketak erakusteko modu egokiena iruditzen zait eta ikusleari pertsonaiarekin eta bere prozesuarekin identifikatzeko eta enpatia izateko aukera ematen dio.

Argi daukat zer den gutxien gustatu zaidana. Alde batetik, musika; oso inbaditzailea iruditu zait, presentzia handiegia du eta zenbait unetan gogaikarri samarra iruditu zait. Eta, bestetik, Lolaren pertsonaiaren zenbait inflexio-puntu edo egoera berezi irudikatzeko paperezko collageekin egindako animaziozko sekuentzia batzuk; ulertzen dut honen erabilpena, baina txertatu dituzten uneak desegokiak iruditu zaizkit; indarra kentzen diote narrazioari eta tonuari.

Film sakon eta hunkigarria da eta (ez) amatasunaren errealitateari buruzko begirada berria eskaintzen du.