Garazi CASTAÑO
DONOSTIA
KRISIA OSAKIDETZAN

«Larrialdietako 100 txanda baino gehiago medikurik gabe egon dira»

Larrialdi zerbitzuetako profesional falta salatu dute udara honetan, beste behin ere, sindikatuek. Ruth Salaberria larrialdietako mediku eta ESK sindikatuko kideak bizitzen ari direna «krisi» gisa definitu du. Osasun Sailaren partetik neurriak espero dituzte, joan den astean Alberto Martinez sailburuarekin bildu ostean.

Osasun-teknikari bat, ZIU mugikorra daraman anbulantziaren ondoan.
Osasun-teknikari bat, ZIU mugikorra daraman anbulantziaren ondoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udan zehar luzatu egin dira Osakidetzari lotutako kexak eta joan den abuztuaren 15etik 19rako zubiaren ostean sindikatuek berriz ere salatu dute mediku falta larrialdi zerbitzuetan eta horrek izandako ondorioak. Ruth Salaberria ESK sindikatuko ordezkari eta Gipuzkoako larrialdietako medikuak uda oro errepikatzen den egoera dela adierazi du, NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Urteetako larrialdietako langile eta planifikazio faltaren ondorio direla deritzo eta azpimarratu du Osakidetzaren partetik ez dela plan estrategikorik mahaigaineratu.

Aurtengo uda bereziki gogorra izan dela esan du Salaberriak. ESK-ko ordezkariak azaldutakoaren arabera, ehun txandatik gora medikurik gabe gelditu dira, eta, beraz, kasu askotan ez da medikurik izan anbulantzia medikalizatuetan, ezta koordinazio zerbitzuetan ere. «Hau da, hil ala biziko egoera batean 112ra deitu digutenean ezin izan dugu ondo artatu». Langile falta orokorra da: medikuak, erizainak, teknikariak, administrariak… «Izugarrizko krisian gaude larrialdi zerbitzuetan».

Udarekin batera etortzen dira jaiak, eta jaiekin, jende oldeak. Salaberriak azaldu du Bilboko Aste Nagusian zentro koordinatzailean lau edo bost mediku egon beharrean txanda askotan bakarra egon dela. Ez omen da kasu bakarra izan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan ere medikurik gabe egon ziren koordinazio zentroan, eta berdin Donostian Aste Nagusian. «Jaietan jende asko pilatzen da, gauza asko gertatzen dira eta ezin izan dugu ondo artatu».

Azken asteko zubiaren testuinguruan halako kasuak behin eta berriz errepikatu dira, ESK sindikatuak ohar bidez astelehenean jakinarazi zuenaren arabera. Besteak beste, Oñatin, abuztuaren 14, 15 eta 16ko gauetan ZIUko mugikorrak langilerik gabe egon ziren. Bestalde, Araban, abuztuaren 16an ez zen medikurik egon. Larrialdi-sareko gainerako baliabideetan ere langile-falta salatu du sindikatuak. Bakio, Bilbo, Basauri, Derio eta Gernikako anbulantziak, 12 ordu baino gehiago egon ziren osasun-teknikaririk gabe, adibidez.

Gipuzkoa osoan zehar egiten du lan Salaberriak. Adierazi duenaren arabera, maila pertsonalean oso egoera txarrean daude profesionalak: «Langileen artean antsietate arazoak ditugu; ezin gara denera iritsi». Azaldu du ezin izan dituztela larrialdiak ongi artatu eta egoera «konpontzeko» egiten ari direla borroka «batez ere pazienteengatik, arreta kalitatezkoa izan dadin eta ongi irits gaitezen hil ala biziko larrialdi horietara».

NEURRIEN ZAIN

Joan den astean bildu ziren langileen ordezkariak Alberto Martinez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun sailburu berriarekin. «Larrialdietan izugarrizko arazoa dagoela konturatu zen» eta, beraz, zein neurri hartuko dituen zain da Salaberria. Urteetako planifikazio faltaz gain, bestelako arantzak ere atera dizkio «estrukturala» deritzon arazo horri, tartean, gero eta larrialdi gehiago artatzen dituzten bitartean, zerbitzua gero eta murritzagoa dela nabarmendu du. «Egia da udaran okerrago gaudela, baina irailean ere gaizki jarraituko dugu».

Urrun ikusten du medikuak konponbidea eta, beraz, salaketekin jarraitzeko asmoa dutela esan du. «Ezin dugu premiazkoa den zerbitzu bat horrela izan, ezin dugu biztanleria emergentzia arretarik gabe eduki».