Zaldien trosta itsasoan irudikatuta, lehen kolpea Urdaibaik eta Arraun-ek
Uda osoan erakutsitako nagusitasuna konfirmatu zen Kontxako Banderaren lehen igandean. “Bou Bizkaiak” zein “Lugañenek” ez zieten aukerarik eman arerioei, eta azken metroetan, jipoia are gehiago indartu zuten. Kontxako estropaden bihurrikeriak kontuan hartu arren, oso bideratuta daukate Bandera preziatu honen kirtena.
Zingira bat bezala ez -marea biziak tarteko eta itsasbehera 10.30ean izan zela kontuan hartuta-, baina Kontxako badia atzokoan itsaso barearekin zegoen, platera bezala kasik. Zaldien legez trosta egiteko aproposa, alegia. Eta horretan onenak, bi traineru indartsuenak, wattio gehien zituzten eskifaiak, uda osoko dominatzaile handienak dira: Urdaibai eta Arraun Lagunak, Eusko Label eta Euskotren ligako irabazleak, beste urte batez, Kontxako Bandera irabazteko gose ase ezinarekin uretaratuta.
Erakustaldi izugarria eman zuten, sasoiko iritsi direnaren seinale, Iker Zabala zein Juan Mari Etxabe entrenatzaileek nabarmendu zuten legez. Biak ala biak beren poztasuna ezin gordeta agertu ziren hedabideen aurrean, lanak erdi eginda bai, baina «errematatu» edo «borobildu» egin behar dela ohartarazita. «Xanpaina burura igo eta hankak lurrean mantentzen saiatu behar dugu aste honetan. Zentzu horretan, aste luzea izango da. Zati handi bat lortu dugu, horrelako itsasoarekin oso zaila da horrelako tarteak irekitzea, baina orain kunplitzea egokitzen zaigu. Ea borobiltzen dugun hurrengo igandean», nabarmendu zuen NAIZ Irratiko uhinetan Lugañene ontziko entrenatzaile Juan Mari Etxabek.
Hain zuzen ere, hautagaiak arrazoi jakin batzuengatik dira hautagaiak eta, beraz, espero zen “Bou Bizkaiak” eta “Lugañenek” maila ona ematea eta garaipen partziala lortzea. Gutxik espero zuten, ordea, halako aldeak irekitzea eta, finean, garaipena hain bideratuta edukitzea. Bermeotarren kasuan, 14 eta 15 segundo atera zizkien Zierbena eta Donostiarrari, bere arerio nagusiei; donostiarrek, bestalde, Orio izan zuten arerio zuzena eta bederatzi segundoko tartea ireki zien. Sekulako estropada egin zuten mirotzek -Astillero, Chapela eta Kaikuren aurretik, sailkapen estropadako kalapita iraulita-, lehen txanda menderatu eta bukaerarako Tolosaldea eta Donostiarraren aurretik bukatuta. Hala eta guztiz ere, aukeran, aldeak handiegiak dira banderaren lehiarako.
BERMEO URDAIBAI, «URRATS BAT GORAGO»
«Ikaragarria, 19.05, ikaragarria da, mutilak!». Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiaren esaldi honek dena islatzen du. Estropada hasi aurretik, segur aski, Zierbenaren 19.19 denbora buruan ongi islatuta izango zutelako eta egindako marka goraipatzekoa delako. “Bou Bizkaiarena” da Kontxako estropada eremuko errekorra, 18.53 minutukoa. Atzokoan, 2017ko baldintza antzerakoekin, marka historiko horretatik oso gertu aritu zen, eta are garrantzitsuagoa dena, arerio guztiak txikitu zituen, hirugarren aldiz jarraian Kontxako Bandera astintzeko helburura are gehiago hurbilduta.
Hasiera-hasieratik, txandako arerioak atzean utzi zituen traineru bermeotarrak. Lehen luzea bukatzerako, bost segundoko aldea atera zion Oriori -Zierbenaren denbora kalkatu zuen lehen ziabogara iristean-, zortzi Donostiarrari eta oso atzean geratu zen Getariari 22. Kontxako estropada eremu exijentean sufritu egin zuten getariarrek, baita Oriok ere poparean. Bigarren denbora onena markatzetik laugarren postura erori baitzen eta Urdaibaitik 25 segundora bukatu baitzuen. Ohorezko txandako azken txartela eskuratu zuen, Hondarribiaren denbora bi segundoan hobetuta.
Urdaibaik, poparean ohi duen motorra piztuta, zaldia bailitzan trostan eginda, metro erdiko olatuen gainean, txiri-txiri, arraunketaz gozatzen, arerioen saiakera oro txikitu zuen. Zierbena eta Donostiarra 19.20 minutuko markan egon ziren, sekulako denbora eginez, baina garailetik 14-15 segundora geratzeak beren aukera guztiak ezerezean utzi zituen. «Urrats bat gorago dago», esan zuen Igor Makazaga Kaiarribako teknikariak Urdaibairi buruz.
ARERIOEK ITSASO ZAKARRA NAHI DUTE
Urdaibairekin antzekotasun asko izan zituen Arraun Lagunak-ek. Bi ñabardurarekin: bata, brankan, Orioren denboraren mugan ibili zela, ziabogara segundo bat azkarrago soilik iritsiz; eta bigarrena, badia barnean bikoiztu zuela mirotzekiko distantzia, aldea bost segundotik kasik hamar segundora areagotuta.
Oriorekiko aldeak ez ezik, Tolosaldea eta Donostiarrarekikoak ere nabarmen handitu zituen Lugañenek, eta ligan bere arerio nagusiak izan direnak 12 eta 13 segundora utzi zituen, poparean tolosarrek Kaiarribari aurrea hartuta. Ziabogaren ostean «urarekin elkartzea» kosta zitzaiela adierazi zuen Arraun Lagunakeko tostakide Xubane Uribarrenak, baina bazekitela «badia barnean indartsu» arituko zirela.
Inoiz ez dugu lortu horrelako diferentzia bat lehen asteburuan, oso garrantzitsua da lehen igande hau. Baina hau Kontxa da eta astean zehar lasai landuko dugu», gehitu zuen Trintxerpeko arraunlariak, “Lugañene” ontziko giltzarrietako batek.
Martuteneko klubaren ontziaren erakustaldiaren aurrean, arerioek goraipatu beste aukerarik ez zuten izan -«ziabogan aurretik ikusten badira geldiezinak dira», esan zuen Olatz Lopezek, Kaiarribakoak-, eta eskatzea libre dagoenez, bigarren iganderako «itsaso zakarra» eskatzen dute, triskantzaren bat egiteko aukera izateko.