Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Herentzia

Hiru ardo-kutxa jaso berri ditut herentzian, hiru ardo-kutxa biniloz beterik. Ehun eta piko disko handi, hurbilekoa izanda ere ezagutu ez nuen pertsona batenak. Hiru kutxa horiei begira nago, eta erreparoak ditut irekitzeko: ez nuke sudurluze bat gertatu nahi, turista ibili inoren intimitatean. Eta hala sentitzen naiz. Badakidalako kutxak irekita entzunez bakarrik ezagutu dudan pertsona batekin egingo dudala tupust; sarrerarik gabe, erreparorik gabe, ez-ezagutuaren asepsiarekin.

Ziur naiz bertan topatuko ditudala mundua aldatzeko adorea pizten laguntzen zion kantu-sorta, negar egiteko gogoa pizten ziona, beldurra une batez baretzen ziona. Hiru ardo-kutxa horietan egon beharko lukete bilera amaigabeetatik atseden hartzeko erabiltzen zuen diskoa, larrutan aritzeko jarri ohi zuena, lagunekin dibertitzeko, haserretzeko, konpontzeko, planak egiteko soinu-banda. Baina ez dut jakingo zein kantu den zein, eta horrek amorru bizian jartzen nau. Haren bizitzaren bertsio bat eraikiko dut, eta beldur naiz pertsonaia bat asmatuko ez ote dudan. Ez dut jarri nahi idazle zinikoaren larruan, ez horixe! Pertsona hori garrantzitsuegia da nik asko maite dudan jendearentzat.

Eta hementxe nago kutxei begira, musikazale kronikoaren eta lagun leialaren arteko tirabira garbian. Zuk zer egingo zenuke?