Amaia U. LASAGABASTER
Entrevue
HODEI ARRILLAGa
Eibarko jokalaria

«Eibar nire etxea dela sentitzen dut, munduko motibazio dena dut»

Denboraldiaren hasierak hainbat debut eskaini zituen Ipuruan, eta ustekabe handi bat ere bai: klubean infantiletan sartu eta zortzi urtetan zehar harrobiko eskailera osoa igo ondoren, Hodei Arrillaga (Mutriku, 2004) hasierako hamaikakoan zelairatu zen. Bi aste beranduago lehen taldeko jokalaria bilakatu zen, bere ametsa guztiz egia bihurtuz.

(Jon URBE | FOKU)

Behatzeko haustura batek aulkian utzi zuen Levanteren aurka, eta gauza bera gertatuko da Eibarrek gaur Albaceten (21.00) jokatuko duen partidan. Baina ez du lainotu Arrillagaren uda. Urtea, oro har; 2024ak errealitate bihurtu baititu bere ametsak: Eibarren filialarekin igo, lehen taldeko fitxa lortu eta denboraldia hamaikakoan hasi.

Eta urtea borobiltzeko, debuteko partidan taldeko onena izan eta LaLigak jardunaldiko hamaikakoan sartu.

Pentsa nezakeena baino askoz hobeto irten zait dena. Pena bakarra da Lehen mailara igo ez izana. Baina agian orduan ez nukeen lekurik izango. Datozen bezala hartu behar dira gauzak, une txarrak pasatu eta aukerak aprobetxatu.

Dagoeneko sinisten duzu Eibarko jokalaria zarela?

Ez nuen imajinatu ere egiten, baina behin Ipuruan jokatu nuenean, nire burua zelaian ikusi nuenean, bat gehiago sentitu nintzenean, sinetsi egin nuen.

Ez da harritzekoa imajinatu ez izana, beste jokalaririk ez baitago infantiletan hasi eta zortzi urtetan zehar harrobiko eskailera osoa igo duenik.

Hasieran ez nuen imajinatzen. Filialera iristean, behintzat hasten zara pentsatzen “la ostia” izango litzatekeela. Azkenean, gorantz zoaz, gero eta gertuago ikusten duzu lehen taldea, eta amets egiten hasten zara. Eta azkenean naturaltasunez etorri da aukera. Hala ere, nahiz eta arrunta ez izan, ez nuke esango harrigarria denik etxeko futbolari bat lehen taldera heltzea, harrobia indarra hartzen ari delako. Harrobiarekin lan ona egiten ari da kluba, eta gero eta aukera gehiago egongo dira.

Nola gogoratzen duzu Joseba Etxeberriak denboraldiko lehen partidan titularra izango zinala esan zizunekoa?

Aurreko astean ikusten nuen titularrekin entrenatzen ari nintzela... Ez nuen guztiz sinisten, pentsatzen nuelako zorte askorekin deialdian sartuko nintzela, agian debutatu minutu batzuk jokatuta... Baina horrela etorri zen eta ezin nintzen alaiago egon.

Etxekoa izanik, motibazio handiagoa daukazu? Presio handiagoa agian?

Motibazioa... munduko guztia daukat. Bertakoa naiz, Mutrikukoa, ama eibartarra da... Hau nire etxea dela sentitzen dut. Eta presioa baino, nerbioak sentitu nituen lehen partidaren bezperetan, zelairatzean... Baina suposatzen dut denei gertatuko zaiela, eta are gehiago debuta denean.

Zelaian ez zitzaizun igarri, baina hiru kategoriatako jauzia nabarituko da.

Abiaduran eta kalitatean batez ere, oso pase gutxitan huts egiten da, pasean ez baduzu asmatzen berehala aukera bat sor diezazukete... Jauzia handia da. Baina, egia esan, gustura sentitu naiz jokatzen, lasai.

Ez zaitez larregi erlaxatu, arriskutsua baita.

Ez, ez. Eta gertatuko balitz ere, familiak berehala jarriko lizkidake oinak lurrean. Oraindik ez dut ezer egin. Une txarrak etorriko dira, gaizki jokatuko ditudan partidak, jokatuko ez ditudanak... Lan asko egin behar dut, egunero ahalegindu asteburuan minutuak edukitzeko, asko hobetu...

Zertan hobetu behar duzu bereziki? Eta zein da egun zure bertute handiena?

Defentsiboki gustura sentitzen naiz, baina ofentsiboki, baloiarekin, asko daukat hobetzeko.

Minutuek ematen duten konfiantzak lagunduko dizu.

Horrela espero dut, eta lehen partidan bertan nabaritu nuen; hasieran oso pase errazak ematen nituen, batez ere ez nuelako huts egin nahi, urduri ez jartzeko. Eta partida aurrera joan ahala, konfiantza irabazten joan nintzen, bigarren partidan are gehiago...

Taldeari ere hobekuntza nabaria ikusi zaio astetik astera.

Talde berria gara, kanpoko jende berri asko, gazteak... Prozesu bat behar da, baina baikorrak izan gaitezkeela uste dut.

Zer da baikortasuna pizten dizuna taldea ikustean?

Oso giro ona dago, oso talde polita sortu da. Joko aldetik, batez ere oso ofentsiboa dela gustatzen zait, ez dagoela erasotzeko beldurrik, presio altua egiteko... Ausartak gara.

Ikusleak eskertzen du horrelako jokoa, baina atzelariek...

Nik bai. Altu defenditzea gustatzen zait, gora joatea, atzean defenditzea baino gehiago, nahiz eta arriskuak hartu.

Alaitasun horrek emaitzak emango dizkizue? Baikor ekin diozue denboraldiari?

Nik uste dut urteroko ilusioa dagoela, oso talde ona egin dugula eta gauza asko egin ditzakegula. Baina ez daukagu buruan maiatzean gerta daitekeenik, badakigulako nolakoa den 2. maila eta nolako taldeak dauden. Asteroko partidan zentratzen gara, asteroko puntuak lortzen, horrek eramango gaituelako gora.