Ion T. BARRENA
DONOSTIA
Entrevue
Mikel Irujo
Nafarroako Industria kontseilaria

«Beste herrialdeek bezala, Europak bere industria babestu behar du»

Nafarroako Industria kontseilari Mikel Irujok uste du Europak ekoizpena Asiaren esku uztea «oso arriskutsua» izan zela. Bere ustez, «ezinbestekoa da industria ardatz bezala jartzea politika guztietan», eta Industria lege berriak behar horri erantzungo diola dio. Gainera, Siemens-Gamesaren eta Volkswagenen kasuei buruz mintzatu zen atzo NAIZ Irratian.

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Ikasturtea hastearekin bat bi lege egitasmo garrantzitsu jarri ditu Nafarroako Industria Departamenduak mahai gainean: Industria Lege berria eta txikizkako merkataritza sustatuko duena. Mikel Irujo sailburuak NAIZ Irratian kritiko hitz egin zuen atzo Europak bizi izan duen desindustrializazioaz; orain hogei urteko erabaki okerrak zuzentzeko garaia dela dio, eta Industriak babesa behar duela: «Munduko beste leku guztietan oso arrunta da hori».

Nafarroakoa bezalako gobernu batentzat Europako politikak zer dira, gidalerroa ala giltzarrapoa?

Denetarik. Badakigu Europako Batasuna (EB) zer den, estatuen erakunde bat. Horrek ez du esan nahi estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek gure rol nagusia ez dugunik. Sortu bezain laster konturatu zen Europako Batasuna politika erregional bat izan behar zuela. 50 urte hauetan asko garatu dugu ikuspegi hori. Gure eginkizuna exekuzioan dugu, eskualdeek kudeatzen dugu EBren aurrekontuaren %80 eta legediaren %70. Gure rola handia da, baina handiagoa izatea nahiko genuke.

Kezka sortu du Sarrigurengo Siemens-Gamesaren lantegian eragin dezakeen murrizketak. Zer dakizue?

Hainbat aldiz bildu naiz enpresa komitearekin, sindikatuekin eta enpresarekin. Gaur bertan bilera dut Europako Batzordearekin, gure industria eolikoa bizitzen ari den zailtasunak aipatzeko. Enpresa eolikoak momentu latzak ari dira pasatzen, besteak beste, Europatik ez direlako neurriak hartzen. Txinan, AEBetan, Brasilen, Indian… edozein estatutan parke eoliko bat jarri behar duzunean, haien legediak behartzen du gutxienez erdia estatu horretan ekoiztea. Horrek industria babesten du, mundu osoko herrialdeek egiten dute, Europak izan ezik.

Siemens-Gamesari beti esan diogu zer eskaintzen diogun Nafarroatik; inork ez dio eskaintzen zentro esperimental bat, adibidez Alaizkoa, Europako bakarra. Beste laborategi bat eskaintzen diogu, palak testatu ahal dituena, Zangozan dagoena… Unibertsitate publikoan izugarrizko formakuntza dago, eta hori izan ohi da ahultasun handiena industriarentzat, jende formatua… Guk argi utzi diogu enpresari enplegu guztiak defendatuko ditugula. Siemens-Gamesak Nafarroan daukana ez dauka beste inon.

Babes handiagoa behar du sektoreak?

Argi eta garbi. «Eduki lokala» deritzona oso normala da munduko beste kontinenteetan. Kotxeekin ikusten ari garen debatea antzekoa da. Txinan bereziki, 2005ean egin ziren arau hauek, eta orain dela 20 urte Europako eta AEBetako egoera munduan erabat ezberdina zen. Harroputzak izan ginen esatean «goazen gure industria Txinara eramatera, zeren ez dute ikasiko gure know-how-a”». Ba hogei urtetan ikasi dute ez bakarrik kalitate oso on batean ekoizten, baizik eta ikerkuntza arloan ere gero eta gehiago aritzen. Hortaz, arauak egokitu egin behar dira, aro berriek arau berriak eskatzen dituzte. Eta ez da protekzionismoa, beste hainbat lekutan ezarri dena gure kontinentean ezartzea da.

Volkswagenek Alemanian iragarri du enpleguari eragin ahal dion murrizketa; baduzue beldurrik Landabenen eraginik izateko?

Alemanian negoziazio kolektibo betean daude… eta gehitu behar zaio elektrifikaziorako trantsizioa. Hori mundu mailan ari da gertatzen, ez da Europako burugogorkeria bat. Nafarroan, industrialki hartu behar diren erabaki on guztiak hartu dira. Volkswagen bere 1.000 milioi euroko inbertsio hori egiten ari da, Landaben egokitzen ari da elektrifikaziorako, Mobis planta hori ere martxan dago.

Badakigu datorren urtean bilera bat egongo dela. Landabengo lan horietan konbustiorako kateak jaitsi beharko dituzte linea berriei egokitzeko. Datorren urteko bigarren sei-hilabetekoan ekoizpena jaitsiko da, baina 2026an normaltasunera itzultzeko gaitasuna izango du plantak, eta beste bi modelo elektriko izango dira, gainera.

Industria galtzen ari dela dirudi, baina zuk berrindustrializazioaz hitz egiten duzu...

Bai, Nafarroan salbuespena izan gara: Industriak ordezkatzen du ekonomiaren %31. Europan portzentajea %18 da, eta Estatuan %12. Gure industriari eutsi diogu. Baina Europan desindustrializazio maila izugarria egon zen mende hasieran, prozesuak Asiara eraman zirelako. Oran ikusi dugu arriskutsua izan zela hori. Industria ez da soilik fabrika, honek behar dituen zerbitzuak garatzea baizik… eta politikaren erdigunean jartzea.

Merkataritza txikia sustatu asmo duen lege egitasmoa ere abiatu duzue. Nondik nora joko duzue legearekin?

2022tik txikizkako merkataritzaren inguruko plan bat ezarri genuen. Arazoak asko dira: digitalizazioaren erronkak, beti ateratzen da Amazon hitza. Baina ez da hori bakarrik; formatzea eta merkatarien figurari balioa ematea da.

Parlamentura bideratu dugun lege berriarekin bideratuko dugu herri edo hiri bakoitzak halako arlo ekonomiko bat sortzea. Zer esan nahi du horrek? Merkatariak asanblada batean bildu eta proposatu ahalko dutela erakunde juridiko bat sortzea merkataritza garatzeko. Merkatariek proposatzean Udalak baietza eman dezake, eta horrela kanon bat sortuko da.

Abiadura Handiko Trena. Industria sektoreko bizipenetik, baduzu lehentasunik ibilbidearen inguruan?

Ezkio, argi erantzuten dut. Europan bi korridore daude gure esparruan, Atlantikoa eta Mediterraneoa. Egun, EBren proiektua da Atlantikoa eta Mediterraneoa batu behar dituen linea, Iruñea-Zaragoza-Sagunto deitzen da, eta Sagunton elkartuko litzateke Atlantikoko korridorea Mediterraneoarekin. Horrek mapan jartzen gaitu. Mundu honetan existitzea garrantzitsua da, bereziki inbertsioak ekartzeko.