GARA
BILBO
SASKIBALOIA

Bilbao Basketek taldea osatu du Amar Syllaren iritsierarekin

Jokalari senegaldarra taldera batu da eta etzi Azpeitian jokatuko den Euskal Kopan lehen minutuak joka litzake beltzezko gizonekin.

Sally, bere lehen lan-saioan.
Sally, bere lehen lan-saioan. (BILBAO BASKET)

Bilbao Basketek fitxatu dituen zortzi jokalariak batu dira jada taldera. Azkena iristen Amar Sylla senegaldarra izan da. Atzo bertan batu zen taldera eta etzi jokatuko den Euskal Kopako lehian lehen minutuak izan litzake beltzezko gizonekin.

Pibot senegaldarra (22 urte eta 2,06 metroko altuera duena) Alemaniako ligatik iritsi da Bilbora, Lowen Braunschweig taldetik, hain zuzen ere. Real Madrilgo harrobian hazi zen eta Euskal Herrian lortu zuen bere lehendabiziko garaipen handia: Gasteizen jokatu zen Euroliga juniorra irabazi baitzuen talde zuriarekin.

Geroztik, gaztea izanagatik ere, esperientzia asko eta askotarikoak gorde ditu bere motxilan. Belgikako ligara egin zuen jauzi, Ostende taldera eta handik, Lituaniara joan zen -Nevezis taldera-. 2022. urtean, 20 urte besterik ez zituela, ACB ligako lehen esperientzia bizi izan zuen, Betisekin. 22 partida jokatu zituen, 3,3 puntu, 3,3 errebote eta 4,6ko balorazioa jaso zuen batez beste eta iaz Alemaniako txapelketan erregistro horiek hobetu zituen: batez beste 4,6 puntu, 4,8 errebote eta 7,3ko balorazioa pilatuta.

Hain zuzen ere, Europan izan zuen esperientzia oinarri hartu du Bilbao Basketek jokalaria fitxatzea erabakitzerakoan. Beltzezko gizonen barneko jokoan giltzarri izan daitekeelakoan daude, «bere energia, anbizio eta erreboterako gaitasunekin».

EGOKITZAPENA

Etzi, Azpeitian joka litzake bere aurreneko minutuak, Baskoniarekin jokatuko duten Euskal Kopako finalean. Denboraldiaurre honetako laugarren lagunartekoa izango da Bilbao Basketentzat, Leyma Coruña (87-77) eta Napoliren aurka (95-78) irabazi eta Paris Basketball Estoniako taldearen aurka galdu ostean (77-85).

Denboraldiaurrean talde bakoitza bere egokitzapena gauzatzen ari da, baita Baskonia ere. Asteburuan Unicajaren aurkako porrota «gogorra» izan zela onartu zuen Trent Forrestek, Gasteizko taldeko jokalari iritsi berriak. «Batzuetan, holako egunak behar izaten dituzu zure akatsez jabetzeko eta zer alderdi hobetu behar dituzun aztertzeko», uste du Forrestek, eta aurreratu zuen «beti» egongo dela ondo jokatuko ez duten partidaren bat, «ikasteko baliagarri izango dena».

Pablo Lasoren joko estilora moldatzen dabiltza eta oraindik «hobetzeko tarte handia» dutela esan zuen. «Denboraldiaurrean gaude oraindik, elkar hobeto ezagutu eta elkarrekin jokatzen ikasi behar dugu», esan zuen joko-antolatzaile katalanak. «Iritsi berriok gainerakoetara egokitu behar dugu oraindik». Euskal Kopa beste azterketa garrantzitsu bat izango da horretarako.