«Harrobiak pazientzia eskatzen du, baina lortzeak poz handiagoa dakar»
Primoz Roglicez harago, Kern Pharma talde nafarra izan da Espainiako Vueltako beste protagonista nagusia. Ohi bezala, borrokarako grina izan da berdeen ezaugarri nagusia, baina garaipenak hain garesti dauden garaiotan, hiru etapa irabazita lasterketa borobila osatu dute. Mikel Nievek (Leitza, 1984) egun hauetako esperientziak azaldu ditu NAIZ Irratian.
Zer gertatu da Vueltan?
Ez dakit, ongi joan zaigu, egia esan, kirol arloan oso ongi. Joan aurretik bagenekien txirrindulariak ondo heltzen zirela, baina egia da dena borobil irten zaigula, uste baino hobeto, eta gozamena izan da denontzat.
Hiru etapa garaipen, bi Castrillorekin eta bestea Berraderekin, pentsatzen dut hau ez zela aurreikuspenetan sartzen.
Ez, hainbeste ez, nik uste oso zaila dela, talde handiei ere kostatzen zaie itzuli handi batean hiru etapa irabaztea, eta gu bezalako talde batek hori lortzea... ba ez genuen pentsatzen. Baina etapa bat irabaztea bazen gure helburu bat, horren borrokan ibiltzeko asmo handiarekin ginen. Ideia berarekin jarraitu genuen eta hiru etapa lortu ditugu; beraz, pozik, bai taldearengatik bai txirrindulariengatik. Lan asko eta oso ona egin dute.
Vuelta batean hiru etapa lortzea World Tour mailako taldeentzat zaila bada, zer esan zuentzat, ala?
Bai, dudarik gabe, eta irabaztea bera, edozein lekutan, zaila da. Urte guztian garaipen bakarra lortu dugu, maila txikiagoko lasterketa batean, eta orain hemen hiru lortzea... Egia esan, ez zen hainbeste espero. Baina nik uste urte guztian zehar taldeak maila ona eman duela, gero zorte txarra ere izan dugu eroriko batzuekin momentu txarretan, eta azkenean Vuelta honetan denak kointziditu du; txirrindulariak oso ondo heldu dira, eta nik uste Vueltaren ibilbideak berak ere ihesaldiei aukera handiak eman dizkiela, ihesaldi asko iritsi dira helmugara, eta horri etekina ateratzen jakin izan dugu.
Tartean Manolo Azconaren heriotza gertatu zen, izan al du eraginik emaitza hauetan? Izan al da motibazio iturri?
Bueno, nik uste beste motibazio bat izan zitekeela, batez ere Pabloren -Castrillo- aurreneko etapan, egun horretan bertan jakin genuelako bere heriotzaren berri, eta emozio puntu bat eman zion horrek, baina ez dakit zenbaterainoko eragina izango zuen.
Zuk ondo baino hobeto dakizu zer den Caja Rural bezalako talde batean aritzea, bertan hasi zenuen ibilbidea, beraz, kontziente zara egindako balentriaz.
Bai, azkenean pelotoi barruan ere nabari da World Tour talde handi horiek errespetu handiagoa sortzen dutela, eta hor aurrean sartzea gehiago kostatzen zaigu talde txikiei, baina, egia esan, txirrindulariek hasiera-hasieratik sinistu dute beraien lekua zein zen, beraien lana zein zen, oso ondo egin dute eta merezimendu osoarekin irabazi dituzte irabazitako etapak. Harro egoteko moduko Vuelta egin dute.
Honek, zalantzarik gabe, sekulako indarra emango dizue egiten ari zareten harrobiko lan horretan jarraitzeko.
Bai, dudarik gabe. Azkenean harrobiarekin lan handia egiten dugu, eta Vueltan ibilitako taldean, bat izan ezik, beste guztiak harrobitik irtendako txirrindulariak izan dira. Horrek, dudarik gabe, pazientzia eskatzen du, buruhauste asko, baina irteten denean, gehiago baloratzen da edo poz handiagoa ematen du, eta horretan jarraitzeko beste motibazio bat ematen du.
Gogoratzen dut Santanderren amaitu zen etapan kritikak jaso zenituztela tropelaren buruan lan egiteagatik, eta Pau Miquel laugarren izan zen. Hori izan da, agian, taldearen sekretuetako bat, talde handi gisa jokatzea txikia izanik ere?
Bai, dudarik gabe, azkenean gu gure lasterketa egiten saiatu gara, nahiz eta aukera asko ez izan Groves baten aurka halako helmuga batean. Gure aukerak baliatzen saiatu gara, bagenekien beste helmuga bat, aldapa pixka batekin, hobeto etorriko litzaigukeela, baina azkenean ondo zetozkigun etapetan borrokatzea zen gure helburua. Pau Miquelek postu onak eginak zituen aurretik, eta nik uste taldearen konfiantza ere behar zuela eta ongi etorri zitzaiola bere burua erakusteko. Guretzat ere garrantzitsua da halako lasterketa batean aurpegia ematea.
Dagoeneko zurrumurruak ere zabaldu dira, Castrilloren atzetik hainbat World Tour talde dabiltzala-eta, Berraderi ere kontratua amaitzen zaiola-eta... Iaz Roger Adriak, Raul Garcia Piernak eta Igor Arrietak taldea utzi zuten, orain kudeaketa lanak egitea tokatuko da, ezta?
Bai, argi dago. Txirrindularitzan kontratuak motzak izaten dira, urtero izaten dira berritu beharrak, eta halako garaipenak lortu ondoren, ba beti irteten dira zurrumurruak, baina hori Juanjo Orozen lana da gehiago nirea baino. Ni hor ez naiz sartzen eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Baliabide ekonomiko zein materialen aldetik, zenbaterainoko aldea dago World Tour mailako talde estandar batetik -UAE, Visma edo Ineos alde batera utzita-- Pro-team estandar batera?
Ba diru aldetik eta egitura aldetik handia, kotxe, kamioi eta halako kontuetan; baina gero, egia esan, materialarekin nik uste oso ongi hornituak gaudela, bizikleta mailan Giantekin gabiltza, World Tourra den Jaykok bezalako bizikletak ditugu, eta arropa aldetik Etxeondorekin, alde horretatik ez daukagu inongo inbidiarik inorenganako.
Azken urteotan Euskal Herrian arazoak izan dira gazteen lasterketak antolatzerakoan, adibidez Gipuzkoako txirrindularitza Federazioak badakigu horregatik dimisioa eman duela, eta Tourraren irteerarekin ere polemika pixka bat izan zen, askok esaten dutelako horretarako dirua badela, baina harrobirako ez. Horren guztiaren aurrean, zein da zure hausnarketa?
Argi dago Tourra bezalako lasterketa bat ekartzea ongi dagoela afizioa sustatzeko, horretarako balio duela, baina horri jarraipena eman behar zaio eta, dudarik gabe, hori egin nahi bada, ba gazte mailako lasterketak antolatu beharra dago, ze bestela ezinezkoa izango da etorkizunean hemengo txirrindulariak izatea.
Zu izana zara laguntzen zabiltzan txirrindularien lekuan, hein batean beraien bizipen asko zu ere bizitakoa izango zara, berezia da orain beste alde horretan egotea?
Berezia baino, desberdina; azkenean, esan bezala, esperientzia hori badaukat eta, alde horretatik, nire esperientzia azaltzen saiatzen naiz, nola bizi izan nuen edo nola egingo nukeen, edo beste ikuspuntu bat ematen, beraiei laguntzen saiatzeko. Orain beste modu batera ikusten dira gauzak.
Txirrindularientzat ere pentsatzen dut ez zarela edonor, Mikel Nieve zara eta Euskal Herrian oso ezaguna.
Azkenean ez dira hainbeste urte erretiratu nintzela, eta bertakoa naizenez, eurek ere ikusi naute, edo batzuekin pelotoian bertan ere elkarrekin ibilitakoak gara. Alde horretatik, nik uste baloratzen dutela txirrindulari izana naizela, eta esperientzia horrek ez dakit balio handiagoa duen, behintzat ikusten dute bizi izan dudala eta badakidala zertaz ari naizen hizketan.