Ion VAZQUEZ MATEO
KOLABORAZIOA

Instituzioak zikindu, burujabetza zentrora ekartzeko

Udaberri honetan, Josune Arakistainek “Lau korapilo” abestiaren esanahia azaldu zuenean, ideia bat bota zuen: tradizioa zikindu behar dela. Eta gustatu zitzaidan zikintzearen ideia. Izan ere, gaur egun oraindik ere badago mantra bat zirkulu politikoetan. Instituzioetan dagoenak instituzioak defenditzen ditu; instituzioetatik kanpo dagoenak instituzioak zikintzen ditu. Ondorioz, marko dikotomiko bat azaltzen da. Barnean dagoena instituzioen alde dago; kanpoan dagoena, aldiz, instituzioen kontra. Ez du inporta instituzioen forma zein den, ez du inporta zein demokratikoak diren instituzio hauek edo nola lortu duen instituzioen barnean dagoena instituzioen barnean egotea. Ez du inporta ere instituzioetan nor dagoen. Hori oso ondo ulertu du, besteak beste, eskuin muturrak Espainian, Frantzian edo Estatu Batuetan.

Instituzioek erreprodukzio sozialarekin eta egiaztapenarekin daukate erlazio estua. Izan ere, Jule Goikoetxeak definitzen duen bezala, instituzionalizazioa bada erreprodukzio sozial efektiboenetako bat. Aldi berean, instituzionalizazioa gertatzen den heinean, egiaztapena ere gertatzen da: Estatuak «onartu» egiten zaitu; edo beste modu batera esanda, Estatuaren errutina eta praktiken parte zara. Instituzio bat nork okupatzen duen azaltzeko, bi hauei erreparatu behar diegu: erreprodukzio sozialari eta egiaztapenari. Zergatik eta nork okupatzen ditu Euskal Herriko instituzio publikoak? Nola iritsi dira toki hauetara? Nork okupatzen du sistema ekonomikoaren lidergoa Tolosan, Gipuzkoan edo Euskal Herrian adibidez? Zergatik? Horrelako instituzionalizazioa nahi al du herriaren gehiengo demokratikoak? Ez dira galdera makalak.

Zoritxarrez, esan bezala, instituzioen forma, egitura eta lidergoak marko konkretu bat eragin du Euskal Herrian eta Espainian. Eta mantra eta marko hegemoniko honen azpian aipatutako bi aldeak azaltzen dira. Instituzioen barnean dagoenak egiten dituenak instituzio publikoak defendatzeko egiten ditu. Instituzioetatik kanpo daudenek instituzioak zikintzen dituzte haien ekintzekin. Bien bitartean, ayusista eta bestelako aktore neoliberalek statu quoa indartzeaz gain, instituzio publikoei izugarrizko mina egiten ari dira instituzioetatik bertatik. Etxean ere baditugu adibide batzuk han eta hemen. Wendy Brownek, adibidez, ondo azaldu zuen zein izan den neoliberalismoaren proiektua: gizartea desegin eta demokrazia ahuldu. Izan ere, Donatella della Portak esandakoari jarraituz, azken urteetako arazoa izan da Estatuak kapitalaren alde egin duela. Indibidualismo ekintzaile eta enpresa postmodernoen hegemoniak ez du estatua modulatu, alderantziz baizik. Beraz, aurrera begira, instituzioetatik bertatik instituzioak burujabetzarekin zikintzea soluzio bat izan daiteke. Zikintzea, euskal nortasun nazionala indartu eta burujabetza erdigunera ekartzeko. Burujabetzaren auzia agenda politiko-mediatikoaren erdigunera ekartzea lortzen denean, garaipen inportante bat da. Baina, jakina den bezala, burujabetzaren eraikuntza instituzionalak Espainiako Estatuan bere errealitate partikularra dauka. Hau gertatzen denean, instituzioak zikindu izanaren emaitza bezala aurkezten da statu quotik (Kataluniaren kasua adibide ona da). Instituzioak zikindu daitezke, beraz, subiranotasunaren auzia betez gurean, eta statu quoaren alternatiba bat aurkeztuz. Burujabetza ez baita hitz huts bat, ez eta gai bakar bateko auzia ere. Kontran, burujabetzak espazio, ertz, aktore, eta gai ugari ukitu ditzake. Aukerak egon, badira; hauek baliatzea izan daiteke gako bat.