Aipuak eta apunteak «Berbelitzen hiztegia»-n batu ditu Anjel Lertxundik
Fikzioa eta saiakera uztartuz, literatura unibertsaletik bildutako aipuak, apunteak eta metaforak 2004ko «Berbelitzenak» lanarekin jaiotako Berbelitz itzultzailearen ahoan jarri ditu Anjel Lertxundik. Horrekin pertsonaiaren bitxikeriak eta jenialtasunak biltzen dituen hiztegia sortu du, «Berbelitzen hiztegia». Alberdania etxearekin eta Idoia Santamaria itzultzailea editore izanda argitaratu berri du liburua.
‘‘Berbelitzen hiztegia”-k, Anjel Lertxundi idazlearen azkeneko lanak, argia ikusi berri du. Idazlearentzat eta editorearentzat generoa definitzea zaila bada ere, saiakera literarioa dela esan daiteke, azkenaldian literatura mota horretan murgilduta ibili baita idazle oriotarra.
Berbelitz da lan honen protagonista eta bere itzultzaile lana da ardatz nagusia. 2004an jaio zen pertsonaia hau, “Berbelitzenak” lanarekin, eta “berba”, “ele” eta “hitz” hitzak batzetik datorkio izena. Oraingoan, lagun duen idazle bati utzi dizkio bere lanetan pilatzen joan zaizkion apunteak eta honek hiztegi bat osatuko du material hori guztia nolabait biltzeko.
Donostiako Udal Liburutegian izan ziren atzo Anjel Lertxundi, liburu honen editore Idoia Santamaria eta Aritz Galarraga editorea, liburuaren nondik norakoak jendaurrean partekatzeko.
Anjel Lertxundik laburbildu zuenez, bere egunerokoan liburuak «zikinduz» literaturatik jasotzen dituen aipu, apunte eta metaforei forma emateko modu bat da liburu hau. Itzulpenaren papera garrantzitsua da honetan; izan ere, «gaurko mundu globalizatuan hizkuntza jakin bateko literaturak asko jasotzen du beste hizkuntzetatik», esan zuen Lertxundik.
Hori da Berbelitzen bokazioa, hain zuzen; obra literarioak itzuliz, hemengo obra literarioak eskaintzea euskarari. Apunteak erre ez erre dagoela, lagun idazle bati eskaintzen dizkio karpetak, zernahi egin dezan bertako apunteekin. Idazleak, karpetetako materiala begiratu ostean, interesgarriena jaso, eta lagunaren obsesio nagusien hiztegi bat —itzultzaile baten lanabes nagusia— osatuko du Berbelitzen hainbat testurekin.
Editore lanak egin baditu ere, itzultzailea da Idoia Santamaria, eta Lertxundiri itzulpengintzaren bueltan egindako lana eskertu zion atzoko aurkezpenean. Lan honetarako, idazleak itzulpengintzaz idatzitakoak aztertzeaz arduratu da Santamaria, liburua banatzen duten letraz letra, hiztegi bat bezala.
Liburu honen «meritu handia», Santamariaren ustez, tradizioa eta modernitatea «inolako intentzio pedagogikorik gabe» nahastea da. Horrekin, irakurtzeko modu egokia literatura gida bat bezala hartuta egitea da, esan zuenaren arabera, «deskubrimendu izugarriak» egiten dira eta.
JORGE GIMENEZ BECH GOGOAN
Aritz Galarragak aipatu zuenez, Lertxundiren lan berri honen «pena bakarra» gaztelaniara itzuliko duenik ez dagoela da, hori duela hilabete batzuk zendutako Jorge Gimenez Bech-en ohiko lana zen eta. Santamariak, bestalde, lan eskergagatik eta «pertsona gisa erakutsitako kategoriagatik» besarkada bat bidali zion.
Lertxundik Gimenez liburuan zehar presente dagoela nabarmendu zuen, baita berarekin eztabaidatutako lana dela ere. «Ez dakit guztian obeditu dudan, baina saiatu naiz».