Trump erailtzeko ustezko bigarren saiakera izan da, Floridan oraingoan
Berriz ere Donald Trumpen aurkako atentatua egiten saiatu dira ustez. Floridan presidente ohiak daukan golf klubean fusil bat ikusi zuten segurtasun zerbitzuek eta tiro egin zuten. Ustezko eraso saialdiaren arduraduna handik gutxira atxilotu zuten, eta atzo epaileak karguak irakurri zizkion. Trumpek Joe Bidenen eta Kamala Harrisen diskurtsoari egotzi dio gertatutakoa.
Hauteskundeetarako 50 egun falta direla izan da ustezko hilketa saiakera. Bi hilabete dira, halaber, Donald Trump belarrian arin zauritzeaz gain, haren jarraitzaile bat hil eta beste hainbati zauriak eragin zizkion Pennsylvaniako tiroketa gertatu zela. Oraingo honetan, presidente ohia babesten duten agenteak izan dira tiro egin dutenak. «Ez dakigu ziur pertsona hori ere gure agenteen aurka tiro egiteko gai izango ote zen», esan zuen Rafael Barros zerbitzu sekretuetako Miamiko buruak hasiera batean. Gerora argitu denez, ez zuen tirorik egin.
Donald Trumpek Floridako Palm Beach-en daukan golf zelaian jazo zen tiroketa. Aireportutik hurbil dago, presidente ohiaren Mar-A-Lago egoitzatik hamar bat minutura. Hautagai errepublikanoak golfean ziharduen Steve Witkoff eraikuntzako enpresari eta bere kanpainarako diru-emailearekin; horiek biak baino zulo bat aurrerago zihoan taldea, berriz, zerbitzu sekretuetako agentez osatuta zegoen. Horietako batek, golf-zelaiaren kanpoko hesiaren inguruko sasien artean AK-47 itxurako fusil baten muturra sumatu zuen, eta berehala egin zuen tiro inguru hartarantz. Donald Trump handik 275-475 metrora zegoen, eta agenteek berehala inguratu eta handik urrun eraman zuten ibilgailu blindatu batean.
Handik gutxira, Trumpek e-maila idatzi zien jarraitzaileei: «Tiroak izan dira nire inguruan, baina zurrumurruak kontrolik gabe biderkatu aurretik, neuk esan nahi dizuet lehendabizi: onik nago!». Geroxeago, eskerrak eman zizkien zerbitzu sekretuei eta Palm Beacheko sheriffari, «gaur egin duten lan bikainagatik». Fox kateko Sean Hannity aurkezle eta Trumpen adiskidea ere presidente ohiarekin mintzatu zen, eta umoretsu aurkitu ei zuen; «pena zuen ezin izan zuelako golfean hurrengo zuloa amaitu».
FBIren azalpenen arabera, tiratzaileak ere ihesari eman zion zerbitzu sekretuek tiro egitean. Lekuan bertan bi motxila aurkitu zituen poliziak. Horietako batean Go-Pro kamera bat zegoen; nonbait, egin beharrekoa filmatzekotan zen han egondako pertsona. Handik ordubete baino gutxiagora, golf-zelaitik ihesi joan zen autoa atzeman zuten, 60 bat kilometrora. Ryan Wesley Routh izeneko 58 urteko gizonezko bat zen gidaria, Ipar Carolinakoa baina azken urteotan Hawaiin bizi izan dena semearekin. Aurten, berriz ere Ipar Carolinako primario demokratetan parte hartu du.
Atxiloketa uneko bideoa zabaldu zuen atzo Martin konderriko sheriffaren bulegoak. Kamiseta bururaino jaso zuen Routhek, gerri buelta eta paparra lehergailurik gabe agerian uzteko, eta atzerantz etorrarazi zuten; agenteengana iritsi eta esku-burdinak jarri zizkioten. Hasieratik poliziak esandakoa bete omen zuen, eta zergatik gerarazi zuten galdetzean baietz egin zuen buruarekin. Atzo, atxilotuen buzo urdina jantzita, epailearen aurrean hamar minutu eskas egon zen, dirurik ez zuela esan zionez ofiziozko abokatu batek defendatuta.
Oraingoz, armak izatearekin lotutako ustezko bi delitu leporatu dizkio epaileak, baina ez hilketa saiakera, FBIk oraindik ikertzen jarraitzen duelako. Oraingoz jakin dutenez, Routh hamabi orduz egon zen Trumpen golf-zelai ertzean ezkutatuta, haren telefono mugikorraren seinaleak adierazten duenez. Astebetez preso jarraitzeko agindu zuen epaileak, eta datorren astean ekarriko dute berriz ere auzitegira.
AKUSAZIOAK
Routh ez omen da bi alderdi nagusietako ez bateko ez besteko kide, eta haren Twitter/X kontuaren arabera, ideologikoki balantzaka ibili da batzuen eta besteen artean: Trumpen alde bozkatu zuen 2016an, baina gero haren aurkako bihurtu zen. 2019ko primarioetan Tulsi Gabbard orduan demokrata eta orain trumpzalearen alde zegoen, 2020an Bidenek irabaztea nahi zuen, eta aurten Vivek Ramashwanyren, primarioetako hautagai errepublikanoaren, alde idatzi izan du.
Bitartean, Ukrainaren aldeko ekintzetan parte hartu izan du; 2022an Kievera ere joan ei zen gerra hasi eta gutxira.
Ukrainako Armadak esan du Routh ez zela Armadan sartu, eta atxilotuak ere hala esan zion Errumaniako aldizkari bati; adinagatik eta esperientzia-faltagatik ez zioten utzi.
Aurreko urteetan, hainbat aldiz agertzen da Routhen izena polizia-txostenetan. 2022an suntsipen handiko arma bat izateagatik zigortu zuten, Ipar Carolinako espetxe-artxiboen arabera. Urte berean, zirkulazio-kontrol batean gerarazi ostean armatuta bere enpresan sartzea lortu omen zuen, eta bertan hiru orduz gotortzea, atxilotu zuten arte. 2010ean ere atxiloketa bat ageri da polizia-artxiboetan, ostutako produktuak edukitzeagatik.
GAITZESPEN ERREAKZIOAK
Atentatu-saiakeraren osteko adierazpen gehienak poliziari eskerrak emateko eta Donald Trumpengatik poza adierazteko izan ziren. Uztaileko erasoan zalantzan jarri zuten askok zerbitzu sekretuen (Etxe Zuriaren eta presidenteen zaintzaz arduratzen den unitatea) eraginkortasuna, eta Kimberly Cheatle zuzendariak dimisioa eman behar izan zuen. Oraingo honetan, badirudi gehienak bat datozela behar bezalako erantzuna izan zutela, tirorik egin baino lehen ere aurrea hartuta. Baina Donald Trumpen inguruan egon beharreko segurtasun mailari buruzko galderak piztu dira, ustezko tiratzaileak presidente ohiarengandik 300 bat metrora gerturatzea lortu zuelako.
Zerbitzu sekretuen ardura egungo eta historian izandako presidenteak babestea bada ere, denek ez dute babes maila berbera: jardunean dagoenak arrisku handiagoa duelakoan, segurtasun askoz zorrotzagoa du. Trump, baina, presidenteordea da, eta ezin du Etxe Zurian zegoeneko segurtasun maila bera izan, Pennsylvaniako erasoaren ostean neurriak zorroztuta ere. «Presidentea balitz, golf-zelai guztia inguratuta egongo zen, baina ez denez, zerbitzu sekretuek babesa izan dezaketen lekura mugatzen da», esan zuen Riic Bradshaw Palm Beach konderriko fiskalak.
Washingtonen, Pennsylvaniako atentatua ikertzeko osatutako Kongresuko taldeak Floridan gertatutakoa ere aztertzeko asmoa agertu du, eta txostena eskatu diote zerbitzu sekretuei. «Esker oneko gara presidente ohiari ez ziotelako kalterik egin, baina oso kezkatuta gaude indarkeria politikoagatik, eta haren era guztiak gaitzesten ditugu», adierazi zuten bi alderdietako kideek sinatutako adierazpenean. Kongresukide batzuek zerbitzu sekretuen berehalako agerraldia eskatu dute; ez dimisioa eskatzeko duela bi hilabete bezala, beharrezko segurtasuna bermatzeko baliabideak ahalbidetzeko baizik.
«Pozten naiz onik dagoelako. Indarkeriak ez dauka lekurik Estatu Batuetan», esan zuen gertatutakoren berri izan eta gutxira Kamala Harris presidenteorde eta hautagai demokratak. Joe Biden presidentea ere antzera mintzatu zen atzo Filadelfian: «Indarkeria politikoak ez dauka inolako lekurik AEBn. Batere ez, zero, inoiz ez. Gure diferentziak boto bidez konpontzen ditugu, ez fusilekin».
Hala ere, zenbait errepublikanok demokratei egotzi zieten Trumpen aurkako erasoen ardura, hautagaiaren aurka darabilten hizkeragatik. Atzo goizean, Trumpek ere bere egin zuen salaketa hori: «[Routhek] Bidenen eta Harrisen diskurtsoa sinetsi zuen, eta horren ondorioz jo zuen. Euren erretorikaren ondorio da niri tiro egitea, neu izanik herrialdea salbatuko duena, eta eurak direlako herrialdea suntsitzen ari direnak, bai barrutik bai kanpotik». Iraganean presidenteak eta presidenteordeak egindako adierazpenak «demokraziarentzako mehatxu» zirela esan zuen Trumpek.