«Erabaki dugu, modu natural batean, Gatiburen ibilbidea hemen etetea»
Hogei urte ospatzeko garaian etorri zen Gatiburen “Bixotzetik” kantua; publikoari esker ona adierazteko abesti bat izan zen hura eta ospakizun urtea behar zuen 2020ak, baina dena hankaz gora jarri zen. Orain, lau urte beranduago, tristurarik gabe, beste gisa bateko albiste eta ospakizun bat iragarriz datoz. Taldeak amaiera emango dio mende laurdeneko bideari.
Haimar Arejita, Gaizka Salazar eta Alex Sardui, zer moduz zaudete?
HAIMAR AREJITA:
Kaixo, ondo!
GAIZKA SALAZAR:
Hori da, ondo gabiltza.
Tira, albistea nik eman baino zuok ematea egokiagoa dela uste dut.
H.A.:
Gatibuk 2000. urtean ekin zion bere ibilbideari eta, 2025ean 25 urte beteko ditugu, mende laurdena; ez genuen sekula usteko honaino iritsiko ginenik. Eta 25 urte betetzeko gauden urte honetan, bada erabaki dugu…
ALEX SARDUI:
Hogei urte pasa ondoren, dagoeneko hogeita bosgarrenera ere iritsi gara. Hogei urte zirenean ez ziren albiste oso onak izan, oraingoan, taldearentzat behintzat, albiste hobeekin gatoz.
G. S.:
Azkenean inork ez du ezer ere esango! Erabaki dugu, modu natural batean, Gatiburen ibilbidea hemen bukatzen dela.
Agur esateko erabakia noiz hartu zenuten?
H. A.:
Nik uste dut azken urtean hartu dugula argi erabakia. Azken urtean bueltaka ari ginelako 25. urteurrena dela-eta zer egin, zer ez… Nola egin aurre erronka horri, ezta? Hor hasi zen gure baitan taldea goian uzteko ideia garatzen.
Askotan hobe izaten da erretiroa hartu ezinda ibili baino gauzak ondo doazenean uztea.
G.S.:
Gainera, pentsatu behar da 25 urte beteko ditugula gelditu barik; ez dugu atsedenik hartu denbora tarte guzti honetan.
Nor izan zen meloia zabaltzen ausartu zena?
A.S.:
Nik ez dut gogoratzen behintzat.
H.A.:
Nik uste hirurok sintonian egon ginela kontu honekin. Ez dakit nor izan zen lehenengo hankatxoa erakusten hasi zena, baina hirurok batera egin dugu aurrerantz eta argi ikusi dugu hau dela, gure ustetan, agur esateko momentu egokia, era duin eta alai batean. Desgastea etorri aurretik edota gure arteko harremanak sano dauden bitartean nahi izan dugu bukaerara iritsi; izan ere, 25 urtean harreman bat, dena delakoa ere, sano mantentzea bera nahikoa arrakastatsua delako, bere gorabehera guztiekin.
A.S.:
Garrantzitsua da norbaitek bere lana eginda duela ikusten duenean, edota fundamentua egin duela, uzteko erabakia hartzea. Garai berean egon gara ados eta bukaera etorri da eta bukaera dezentea eman nahi diogu Gatiburi, gure bizitzaren zati izan denari.
Zerk izan du pisu handiena erabakia hartzeko garaian?
A.S.:
Nik uste dut bizitzaren dinamikak aldaketa bat merezi duelako iritsi garela puntu honetara. Hirurak konforme egon gara, egin dugu lana, heldu gara honaino eta hemendik aurrerakoak norberak neurtuko ditu. Bizi zabal eta normal baten barruan bakoitzak bere bidea egiteko momentua ere heldu da.
H.A.:
Erabaki hau hartzeko gauza asko daude hor. Batzuk modu arrazionalean aztertzen dituzu eta besteak irrazionalean, eta akaso ez zara kontziente ere. Desgaste handi bat da hogeita bost urtean hor borrokatzen egotea, nahiz eta guri oso ondo joan zaigun hasieratik eta orain arte. Espero dezagun urteurren honetan, azken biran, ere oso ondo joatea. Baina egia da halako talde bat lepoan eramateak baduela bere pisua. Gauzak oso ondo egiten saiatzen, erronka berriei heltzen, berritasunak eskaintzen… Jarraitu ahal izango genuke, lasai asko gainera, baina egokiagoa iruditu zaigu urte borobil batean eta goian uztea proiektua. Jendeak izan dezala oroitzapen goxo bat, bizia eta indartsua.
G.S.:
Nik uste dut garrantzitsua dela ikustea baita ere guk asko disfrutatu dugula, pozik egon garela, kontzertu onak eman ditugula, diskoekin ere gustura geratu garela… Txiklea luzatzearren luzatzerik ez genuen nahi. Goian bukatu nahi dugu, baina gure sentsazioengatik, disfrutatzeagatik eta oholtzan batera ondo pasatzearren. Hori da gure lehentasuna eta horregatik uste dugu unea heldu dela.
Gogoratzen duzue erabakia betiko izango zela jakin zenuten unean zer sentitu zenuten?
A.S.:
Bada, bertigoa. Erabateko bizia egin duzu taldearekin eta hori guztia aldatu egingo duzu. Ez da hau utzi eta kito, ez da lantoki batetik bestera mugitzea; badakizu bizimodua guztiz aldatuko duzula.
H.A.:
Sentitzen duzu beldurra, egoera berri bati aurre egin behar diozulako era batean edo bestean. Zalantzak ere hor daude. Baina lasaitasun sentsazio bat ere senti dezakezu. Sentipen desberdin asko izan nituen nire baitan. Erabakia hartzea kosta egin zitzaigun, baina erabakia heldu zen unetik hona poztasuna sentitzen dut, erronka berri bat dugulako aurrean. Urtebete dugu sekulako gauzak egin ahal izateko, urtea luzea delako, eta ilusioz gaude honen aurrean.
Eta honen inguruan hizketan hasten zaretenean, etortzen zaizue oroitzapenik?
G.S.:
Konkreturik ez, baina hizketan hasten garenean mila pasadizo etortzen zaizkigu burura. Alexek, gainera, memoria oso ona du eta guztiak gogoratzen ditu. Baina une konkreturik ez da etortzen. Orain hasi gara albistea kontatzen eta lehen elkarrizketak eskaintzen. Hau aurrera doan bezala eta egia dela konturatzen goazen heinean, hasiko gara kontziente izaten hartu dugun erabakiaz.
Bidean hamar disko ere utzi dituzue; hori ere majo kostatzen den lana da.
H.A.:
Hori kosta egiten da eta aurrera begira ere kostako zen. Polita da, e? Guri asko gustatzen zaigun zerbait da, baina aurreko diskoa gainditu nahi duzu, hobetu nahi duzu… eta batzuetan kosta egiten da. Bakoitzaren bizitza eta sormena uztartzea ez da erraza. Jarraitzeko aukera izango genuen, baina noiz esaten duzu ‘stop’? Hil arte? Ez duzu momentu egokirik sekula topatzen, gauza batengatik edo besteagatik. Gure kasuan ez gara haserretu, ez da egon «honaino» esateko moduko gatazkarik. Baina bai pilatutako neke horrek sortzen zigula dena beheranzko bidean jartzeko beldurra, eta horren aurrean hobe izan da hemen uztea, modu duin eta adostuan.
Datozen kontzertuak, 2024 eta 2025 artean emango dituzuenak. Zer konta daiteke eta zer ez? Esaterako, NAIZek babesten duen EZK Fest jaialdian izango zarete, azaroaren 2an, Barakaldon.
G.S.:
Bueno, 2024an aurretik itxita ditugun kontzertu bakan batzuk emango ditugu. Aurreratuko duguna da gure azken kontzertua BECen izango dela, Barakaldon, 2025eko abenduaren 13an. Festa bat izango da!
H.A.:
Agur esateko kontzertu handi bat, ospakizun bat, izatea nahi dugu. Agur behar den moduan esan behar da eta kontzertu potente bat eskaini nahi dugu.
Ez dadila izan «agur esan barik, banoie», kantuak dion bezala.
H.A.:
Dena dela, agur esan barik joan nahi dugu, erabat agur esatea ez zaigulako gustatzen; ez gara despediden eta halakoen zaleak.
Jendeari zer eskainiko diezuen esan diguzue, baina zer eskatu nahi diezue zuen zaleei azken urte honetarako?
G.S.:
Ez daukagu birarik itxita, berri hau emateko lehen unean gaude eta gero gerokoak. Baina bira publiko egiten dugunean, disfrutatu egin nahi dugu geratuko zaigun azken txanpaz…
A.S.:
Jakina! Azken kontzertuak dira, topera gozatu, izerditu eta behar den moduan bukatu nahi dugu.
H.A.:
Gozatu egin nahi dugu eta zaleek ere hala gozatzea nahi genuke. Hori eskatzen diegu, azkena balitz bezala gozatzea, oraingoan hala izango da-eta.
Sarrerak ez dakit dagoeneko salgai ote dauden; ‘‘sold out’’-en aroan bizi gara.
H.A.:
Bai, hala da, baina ez da gure helburua. Kontuz, mundu guztiari gustatzen zaigun zerbait da hori ere! Baina ezin dugu hori espero.
Hori aipatu dut albiste hau eman orduko denak hasiko direlako galdezka.
G.S.: Irailaren 23an, goizeko zortzietan, gure web orrialdean, www.gatibu.eus helbidean. Adi egon bertan izango dira-eta sarrerak!
Bada, aizue, erronka mardula duzue aurretik, gozatzeko urtea eta lanerako urtea. Zuek ezagututa, pixka bat flipatuko dugu 2025eko abenduaren 13 horretan, ezta?
H.A.:
Espero dezagun kontzertu berezi bat izatea. Zeozer pasako da!
A.S.:
Horretarako egingo dugu lan!
Mila esker gurekin izatearren eta bejondeizuela!
Mila esker zuri.