GARA
DONOSTIA
Entrevue
Asier Etxenike
Soziologoa

«Erabakitzeko eskubidearen alde askoz gehiago egiten dute gazteek»

Naziometroaren VI. edizioak aditzera eman du gehiago direla euskal Estatua babesten dutenak honen aurka daudenak baino. Horixe izan zen asteartean ezagutarazitako inkesten lerroburu nagusia. Gehiago jakin nahian eta zifrak aztertzearren, Aztiker etxeko ikertzaile Asier Etxenike soziologoa NAIZ Irratian izan zen.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

Naziometroaren VI. ikerketa Euskal Herri osoan egin dute, eta, horretarako, 1.400 inkesta baino gehiago egin dituzte apiriletik maiatzera bitartean. Galdekatuetatik %35,2k euskal Estatua lehenesten du, eta %26,8 kontra daude.

Naziometroaren lehenengo neurketa 2020ko azaroan egin zuten, eta orduan %43k euskal Estatuaren aldeko jarrera zuen. Bizpahiru urtetan zortzi puntu inguruko jaitsiera izan zuen aldekotasunak, baina 2024ko inkesta honetan hamarreko batzuk irabaztea lortu dutela azaldu zuen Asier Etxenike soziologoak NAIZ Irratian: «Tartea txikia da, baina ikusten da eten egin dela goitik beherako jaitsiera jarrai hori». Hala, euskal Estatuaren aurkako jarrera dutenekiko tartea «handitu» egin da.

Izaerari eta sentipenei dagokienez, elementu deigarria Nafarroatik dator. Hemengo biztanleak nafarrak sentitzen dira bereziki. Euskal Herri osoan euskal sentimenduagatik duten atxikipenaren inguruan galdetu zuten inkestan; baita Hegoaldean espainiar sentimenduagatik ere, eta Iparraldean frantziarragatik eta Nafarroa Garaian nafar sentimenduagatik zuten atxikipenagatik. Hor ikusi zuten lurraldeen arteko konbinazio desberdinak ematen direla, oro har: «Euskal sentimendua da atxikipen gehien sortzen duena Euskal Herri osoan. Espainiar edo frantziar sentipenak tarte handiagora gelditzen dira. Nafarroa Garaiaren kasua konplikatuagoa da: badaude nafarrak soilik sentitzen direnak, nafarrak eta euskal herritarrak sentitzen direnak, espainiarrak sentitzen direnak...» Beraz, Etxenikek azaldu zuenez, «nafar sentitzeak ez du definitzen izaera edo identitate bakar bat».

Independentzia eta Estatua Etxenikek azaldu zuen ikusi dutela Estatu espainoletik eta frantsesetik independizatzeko gogoaz galdetzean «kontrakotasuna» dela nagusi. Aldiz, aurkako emaitza jaso dute, testuinguru politiko adostu batean euskal Estatuaren alde edo kontra egingo luketen galdetzean. Horretan sakondu nahi izan dute, eta hurrengoa da atera duten emaitza: «Independentismoak badu bere inguruan halako ulerkera bat, gatazkarekin lotzen dena. Honenbestez, badago jendarte sektore bat atzera egiten duena». Aldiz, «marko adostu» bat ezartzen bada, jende horrek iritziz aldatzen du eta euskal estatuaren alde egiten du. Horrekin lotuta, «identitateen arteko lotura» bat ere aurkitu dutela azaldu zuen: «Euskal identitate indartsuagoa daukatenak independentziaren alde argiago agertzen dira, eta euskal identitate arinago bat daukatenek zalantza gehiagorekin bizi dute. Hauek testuinguruaren arabera jartzen dira alde edo kontra».

Azken aldian hainbatetan entzuten da gazteak eskuinera egiten ari diren baieztapena. Bada, inkestaren emaitzak aurka egiten dio horri: «Gazteek ziurtasun gehiago daukate jende nagusiak baino. Erabakitzeko eskubidearen alde askoz gehiago egiten dute gazteek, nahiz eta horietako batzuek euskal Estatuaren kontrako jarrera daukaten».

Bestalde, pertenentzia sentimendua euskarak eragiten du bereziki: «Badaude balio komun batzuk, adostasun maila altua lortzen dutenak. Tartean dira hizkuntza, kultura, historia eta natura, besteak beste». Badaude beste puntu batzuk «ahulago» daudenak: «Herri harrotasuna, konpromiso zibikoa eta parte hartze politikoa».