Aitor AGIRREZABAL
Kazetaria
2006

Hamaika Telebista jaio da

(Jon HERNAEZ | FOKU)

2006ko irailaren 19an aurkeztu zen jendartean Hamaika Telebista. Euskal Herriko sei enpresa, CMN, EHKE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet, batu egin ziren euskarazko telebista bultzatzeko. Bilbon, Kale Nagusiko Euskaltelium egoitzan egin zuten ekitaldia proiektuaren berri emateko, eskualde bakoitzean euskarazko telebista sustatzeko asmoa azalduz.

«Euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izan dezagun» sortu zen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea, Bilboko aurkezpena jarraitu zuen Kepa Petralanda kazetariak GARAn jaso zuen moduan. Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea (EKHE), Corporación Multimedia del Norte (CMN), Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT), Euskaltel, Elkar argitaletxea eta Bainet batu ziren proiektuan.

Talde berriaren lehenbiziko urrats zehatza aipatu zuten: «Tokiko telebista digitalaren lizentziak banatzen dituzten lehiaketetara aurkeztea izango da gure lehen urratsa eta helbururik behinena. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan lizentziak banatzeko deialdia egiten duenerako prest izango da Hamaika tokian-tokian berarekin parte hartu nahi duten eragileekin proiektuak prestatzeko. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ez ditugu ahaztuko, nazio bokazioa baitu proiektu honek, nahiz eta tokian-tokian txertatu», adierazi zuten.

Euskarazko telebistak sustatuko zituen proiektu horiekin, euskaldunen arteko komunikazioak euskaraz egiteko aukerak areagotu egingo zirela aurreikusi zuen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. «Euskaraz telebista egitea posiblea da; zaila da; garestia da; denon esfortzua eskatuko du... baina ez da ezinezko», adierazi zuen Joanmari Larrarte EKTko kontseilari-ordezkariak.

Egitasmo sendoa zen hura. Euskal Herriko eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatzeko asmoz jaioa. «Gero eta telebista kate gehiago sartzen dira gure etxeetan, eta horietatik gehienak Euskal Herritik kanpo ekoitzitakoak dira», adierazi zuen Gorka Altunak, EHKEko kontseilari ordezkariak. Honentzat, proiektuak «gure izatearen funtsarekin bete-betean egiten du bat».

Eta aurkezpen ekitaldi hura, jomuga horren erakusgarri izan zen. Euskal gizarte eragileen ordezkaritza zabala batu zen ekitaldian. Hamaika hitzak euskaraz duen zentzu mugagabean hartu zuen izena egitasmoak. Sei enpresarekin abiatu baino askoz ere gehiago biltzeko jomugarekin.

«ALARDERIK GABE»

Sei enpresa horiek batuta ikustean, GARA-ko kazetari Joseba Vivancok «Esku emate historikoa» titulatu zuen. Iritzi ezberdineko sektoreen batasuna suposatzen zuen proeiktu berri hark. «Ilusionagarria» izan zen aurkezpen hartan gehien errepikatu zen hitza.

«Alarderik eta artifiziorik gabe» egin zen aurkezpen ekitaldia, kazetariaren hitzetan. «Formato tradizionalean», izan zela onartzen zuen Altunak. Agur eta elkarrizketa artean, Benito Lerxundiren musika atzean zutela, hizlariak oholtzara igo ziren eta, banan-banan, 15 minutu iraun zuten hitzaldiak irakurri zituzten.

Euskalteleko negozio garapenerako zuzendari zen Mikel Astorkitzak «egitasmo berri eta eder» moduan definitu zuen jaiotza eta bere enpresaren inplikazioak «telekomunikazioaren arloan euskararen alde egiteko kezka eta ardura» erakusten duela nabarmendu. «Ez bakarrik euskararen alde egin nahi dugulako, baizik eta komertzialki ere ezinbesteko ikusten dugulako».

Batasun hark, Altunaren esanetan, «euskarazko komunikazio talderik sendoena» osatzen zuela adierazi zuen. CMN-ko kontseilari-ordezkari zen Iñaki Alzagak, berriz, aurreikuspen handiak defendatu zituen. «Hedabide gero eta gehiago izatea da gure helburua, eta kontuan izanik multimediak eskaintzen duena, baita etorkizunari begira telebistak, egunkariak eta beste hainbat integratzea».

Aurkezpen ekitaldiari bukaera emateko, parte hartzen duten enpresetako ordezkariak bat eginik eta eskuak lotuta agertu ziren Euskaltelium-eko taula gainean.

NORBANAKOAK

Sindikalista, kirolari, musikari eta telebista munduko hainbat aurpegi ezagun bildu ziren. Kepa Junkera musikariak, GARAri, honakoa adierazi zion. «Interesgarria iruditzen zait, eta erakusten du pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten ari direla, gure denbora behar dugula, baina proiektu horrek batu egiten du, euskarari laguntza emango dio, gauzak normalizatuko ditu, siglen gainetik batasun bat dago, eta nik horretan sinesten dut. Eta, batez ere, gazteak izango dira proiektu honen onuradun handienetako bat».

Han izan zen ere, Andoni Ortuzar, orduan EITBko zuzendari nagusi. Hau izan zen, ekitaldia amaituta, alde egiten azkenetarikoa. Lehena, berriz, hitzartzeak amaitu bezain azkar, Bizkaia Buru Batzarreko presidente zen Iñigo Urkullu.

Enpresa haiek denak elkarrekin ikusteak kezka ere sortu zuten Espainiaren erreferentziari eusten dioten talde mediatiko handien artean, Euskal Herriko taldeen elkarlanerako aukera bat erakusten zuelako. Beste tamaina bat hartzeko. Hemezortzi urte bete dira urrats hura egin zenetik, eta Hamaikak bide bat egin du, baina elkarlanerako aukera hura ez da behar beste garatu. Komunikazioaren euskal esparrua osatzeak ahalegin gehiago eskatuko du.