Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA PAREJA PERFECTA (THE PERFECT COUPLE)

Erdipurdiko ekoizpenen itsaso zabalean galduta

HBO-ren zigilua daramaten “The White lotus” edo “Big little lies” arrakasta handiko telesailak izan dira. Netflix, ikusleak bereganatzeko helburuz, hauen formula errepikatu nahi izan duela dirudi. Izan ere, berriki estreinatu duen “The Perfect Couple” aipatu ditudan izenburu horien nahaste-borraste bat da: aktore ezagunak, intrigazko elementuak, pertsonaia bereziak, trama kriminala, uda giroa... dena irabiagailu berean sartu nahi izan dute. Hori bai, emaitza funtsik gabeko zerbait izan da.

Ezaugarri horiek dituzten istorioetan -pertsonaia ugari, susmagarriak,”nor da hiltzailea?”...-, pertsonaiek pisu nabarmena izaten dute eta, normalean, oso ondo idatzita egoten dira, arku dramatiko ahaltsua izaten dute eta horietako bakoitzak ezaugarri berezi bat izaten du, trama nagusiari ekarpena egiten dion zerbait -aipatu dudan “The White lotus”-en kasua argia da-.

Bada, hemen ez; pertsonaia ugari daude, baina gehienak oso eskematikoak eta sakontasunik gabeak dira, lauak eta estereotipatuak. Hauen garapena oso azalekoa da eta mamirik gabeko harremanak dituzte. Elkarrizketak ere artifizialak iruditu zaizkit.

Ekoizpen lana, oro har, nabarmena da, baina alderdi teknikoak ez du lortzen gidoi ahul bat eta emoziorik gabeko narratiba salbatzea. Generoaren klixe guztiak ageri dira.

Azaltzen diren ezustekoak etengabeak dira, atal bat bata bestearen jarraian ikusteko gogoa pizten dute, baina gehienak nahiko tranpatiak dira.

Entretenigarria da, erraz ikusten da eta katigatu egiten du, baina paperezko bilgarria eder bat duen opari txepel bat besterik ez zait iruditu. Plataformaren barruan, erdipurdiko ekoizpenen itsaso zabalean galduko den izenburua da, ikuslearengan arrasto iraunkorra uzteko moduko ezer eskaintzen ez duelako.