Jon ORMAZABAL
LEITZA
ALDARRIKAPENA

Asimilazioaren zirimiriari aurre egiteko, ariketa kolektiboa egin dute Leitzan

Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku eta Gu ere bai! herri ekimenek egun osoko egitarau oparoa antolatu zuten, hizkuntza, kirola eta lurraldetasuna oinarri hartuta, esparru desberdinetatik herrigintzan batera eragiteko sinergien bila.

Kirolaz eta euskaraz aritzeaz harago, kirolean euskaraz ere aritu ziren Leitzako plaza ederrean atzo.
Kirolaz eta euskaraz aritzeaz harago, kirolean euskaraz ere aritu ziren Leitzako plaza ederrean atzo. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Herri batekin bukatzeko bi bide daude, asimilazioa edo sarraskia». Jose Maria Carrion, Txepetx, soziolinguistaren aipu honekin hasi zuen Ibai Zabalak, Leitzan, Gure Eskuko ordezkari Josu Etxabururekin emandako hitzaldia, azkenerako «bertso libreen» solasaldi irekia izan zena. Berrizko pilotari ohi eta euskaltzalearen irudikoz, Euskal Herrian saiatu ziren bigarrenarekin, baina azkenerako lehengoa askoz ere eraginkorragoa suertatu omen da. Ia oharkabean, poliki-poliki gainera erori zaigun zirimiri efektuarekin erabat blai eginda omen gaude eta.

Asimilazio prozesu horri nolabait aurre egiteko, ariketa saio kolektibo moduko bat antolatu zuten atzo Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku eta Gu ere bai! herri ekimenek egun osoko egitarau oparo batekin.

Euskara, kirola, kultura eta erabakitzeko eskubidea, bakoitza bere arlotik eta egiteko nahiz eragiteko moduetatik diharduten hiru herri ekimenek argi ikusi dute egungo egoerak elkarrekin aritzera behartzen dituela. Elkarlan horren adibide argia izan zen atzokoa.

Eguna goiz samar hasi zen, euri mehatxuarekin, Leitzako udaletxean antolatutako hausnarketarekin. Bertan nork bere kezkak, analisiak eta esperantzak agertzeko modua izan du, kirolean aritzeko estrategia egoki batek izan dezakeen balioaz jakitun. Josu Etxaburuk zalantza agertu zuen: «Ez dakit zenbateraino garen kontziente gure hizkuntza eta kultura arriskuan ditugula».

Euskarak azkenaldian jasandako oldarraldiak erabili zituen ahoan, Donostiako Udalean euskarazko B eskakizuna eskatzea gehiegizkoa dela esaten duen epaiaren erabakia aitzakiatzat hartuta. Eraso hauei erantzuten herri zaildua garela argi du Gure eskuren eledunak, baina oldarraldi horiei erantzun partzialak eman ordez, «herri gisa» jokatzea eskatu zuen, erantzun partzial horiek «ahuldu» egiten gaituztelakoan.

DESOBEDIENTZIA

Bi estatutan eta hiru administraziotan zatitutako herrialde bat izanda, «erresilientzian» mundu mailako potentzia bat izan da Euskal Herria. Baina itxaropentsu izan nahi duen Ibai Zabalak «noraez» moduko bat sumatzen du, eta «kontra egiteko, desobedientziarako gaitasuna galdu dugula» iruditzen zaio. Publikotik gogorarazi zioten aurten bertan pilotari multzo zabal batek uko egin diola Iruñean jokatu den pilotako munduko txapelketan parte hartzeari. Botila erdi beteta edo erdi hutsik ikustearen kontua.

Orain arte eustea garaipen bat izan daiteke, baina «eustearekin nahikoa al da?». Etxaburuk «motz» geratzearen arriskuez ohartarazi zuen. Kirola tresna eraginkorra izan daitekeela nabarmendu zuen, Gu ere Bai elkarteko Patxi Gaztelumendik, Gabarrak eta Espainiaren Eurokopak izan zituzten ospakizunak alderatuz. Berrizko «optimista kritikoak», ordea, kirolarena aho biko ezpata izan litekeela esan zuen. «Williamstarrak euskaraz mintzatuko balira, euskararentzat ikaragarria litzateke. Ez da gertatzen, ordea».



Dario-Rezusta, ligaxkan (21-22)

811 pilotakadako partida oso gogor baten ostean, Dariok eta Rezustak 21-22 irabazi zieten Ezkurdia-Martijari. Hori bai, garesti irten dakioke Ezkaraikoari aurtengo sanmateotako finalerdietako ligaxkan hirugarren errioxarra izateko ametsa, eta ez bakarrik partida ezin gogorragoan egin behar izan zuen lanarengatik. Kontua da partida eskuetatik oso justu amaitu zuela atzo eta, partida amaitu berri, oso zalantzan jarri zuen aurtengo ferian berriz ere kantxaratu ahal izatea. Halabeharrez, esku mamiarekin eta efektuekin jokatzen ikasi behar izan du bere ibilbidean Ezkaraikoak; atzo ere hala egin zuen Rezustari aurrera egiten laguntzeko, eta garaipena eskuratzea lortu zuen. Inor ez zen gustura irten Adarragatik.

Lan erdietan, Dario-Rezustak partida oso bideratuta zutela zirudien (5-11). Baina hamaseinakoan izan zen partidako lehen berdinketa, eta azken txanpan edozer gerta zitekeen. Emoziorik, polemikarik, tanto onik eta tentsiorik ez zen falta izan partida amaiera horretan. Azkenean garaipen mingotsa lortu zuten Dario-Rezustak. J.O.