Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Entrevue
pello gutierrez
“Erreplika” dokumentalaren gidoilaria eta zuzendaria

«Zinemagile txikiok elkartu behar dugu, zinema pertsonala egiteko»

Hutsuneak. Galerak. Irudiak. Barruan hainbat ezusteko dituzten matrioxkak bailiran, istorio txiki bezain esanguratsuak josi ditu Pello Gutierrezek “Erreplika” filmean. Memoria ariketa pertsonaletik abiatu eta zenbait gai unibertsalez hausnartzera garamatza. Zinemira sailean ikusiko du argia dokumentalak gaur.

(Jon URBE | FOKU)

Bidean, galdera asko. Bat, nagusia: irudi baten absentzia bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin? «Hau hutsuneei buruzko film bat da. Nire aita, Juanmi Gutierrez zinemagilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora tarte bat igaro denean, bere filmetara itzuli naiz, memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez», azaldu du Pello Gutierrezek “Erreplika” filmaren inguruan.

1978. Juanmi Gutierrez Marquezek Hernaniko “Zikuñagako Ama” trainerua filmatzeko asmoa du. Hernanitik Donostiarako bidea egin, portuan entrenatu eta trainerua bedeinkatzeko aprobetxatuko dute arraunlariek. Hasieran dena ondo doa, baina portuan dauden guardia zibilak grabatuak sentitu dira eta zinta kendu egingo diote. Aske utzitakoan, berriz itsasoratu eta bertan harrapatuko ditu arraunlariak, eta orduan bai grabatu.

1979. Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin da.

2019. Juanmi Gutierrez Marquez hil da.

Hiru gertaera horiek mugarri ditu “Erreplika” proiektuak. Azkena izan du abiapuntua. «Aitaren heriotza izan zen abiarazlea. Gure barruan sentitzen dugun hutsunea, familiako kide bat hiltzen denean», aitortu du.

DESKUBRIMENDUAK

Eta galeren atzetik aurkikuntzak datoz. «Insomnio gau batean gauzak begiratzen hasi eta, bat-batean, deskubrimendu txikiak egin nituen. Aita hil berria zen eta ‘Zikuñagako Ama’ film zaharra aurkitu nuen, Amabirjinaren lapurreten berri izan nuen gero, nire aitonarekin lotura zuena…», azaldu du.

Iñaki Sagastume eta David Aguilar Iñigo izan ditu ondoan Gutierrezek proiektu honetan. Lehenak ekoizle lanak egin ditu eta bigarrena muntaketan eta argazki zuzendaritzan aritu da. Hiruak dira Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideak.

Pertsonaletik unibertsaltasunera doa “Erreplika”. «Pelikula lokala da, oso kontu zehatzei buruz hitz egiten du, nahiz baduen unibertsaltasun izpiritua ere», kontatu du.

BIDEAK ERAKUTSI NORABIDEA

Lan esperimentala den heinean, bideak daramatza zinemagileak. Filmak bide luzea du atzean. «Duela bost urte hasi nintzen pentsatzen. Filmaketa oso luzea eta espaziatua izan da denboran, izan ere grabatzea eta muntatzea paraleloki egin ditugu. Ez da oso ohikoa».

Irudiak eta objektuak sinboloak dira. Aitaren gauzez inguratuta ikus daiteke zuzendaria filmean. Zazpi T’erdi ekoiztetxearen bulegoa da. Bertan lanean aritzen zen Juanmi Gutierrez. «Objektu bakoitzak bere istorioa du atzean. Objektuen eta irudien pelikula da. Gogoratzeko balio digute. Zertarako sortu irudiak? Filma bera ere zertarako sortu dut nik? Agian aitaren hutsunea betetzeko da. Nik galdetu egiten dut zertarako sortzen diren objektuak eta pelikula bera objektu bat da, helburu batekin sortua».

Globalizazio garai honetan, «zinemaren estandarizazioaz» kezkatuta ageri da Gutierrez. «Gaur egun Internet bidez eskuragarri dituzu hainbat proiektu. Lehen ezinezkoa zen. Baina Interneten maremagnum horretan galduta geratzen dira lan bereziak direnak eta oso pertsonala direnak. Betiko filmak dira iristen direnak, betiko narratiba tradizionalarekin. Ez nago horien kontra, baina iruditzen zait beste zinema bat egin dezakegula eta hori hauspotu beharra dagoela. Duela urte batzuk egon zen zinemaren boom txiki bat, baina jaisten ari da», uste du.

«Gero eta gehiago elkartu behar dugu zinemagile txikiok, gure zinema pertsonala eta propioa egiteko. Ni zinema txikiaren alde nago. Film bat 100 milioi kostatzea izugarria iruditzen zait, etikoki. Hainbeste diru horretara bideratzea… Diru gutxirekin pelikua oso interesgarriak eta baliagarriak egin daitezke», dio.