Ramon SOLA
DONOSTIA

Jaione Jauregi Estatutik ateratzea baimendu du Konstituzionalak

Jaione Jauregi Lezoko preso ohia Gantera itzuli ahal izango da, horrela nahi izanez gero, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako azken neurria kendu ondoren: Estatutik ateratzea baimendu diote, ezarri zizkioten kautelazko neurriak baliogabetuz.

Espainiaratzearen aurkako mobilizazioa.
Espainiaratzearen aurkako mobilizazioa. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

1981ean gertatutako ETAren atentatu batengatik epaitzeko azken saiakera hutsean gelditu ostean (delitua preskribatuta zegoela ontzat eman baitzen), orain bertan behera utzi dituzte Auzitegi Nazionalak Jaione Jauregi lezoarrari ezarritako kautelazko neurriak. Erabakia Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zuen atzo eta horrekin Estatu espainoletik ateratzeko baimena izango du nahi izanez gero, pasaportea itzuliko zaio eta.

Preskripzioaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Fiskaltzak Auzitegi Gorenean, eta hori argitu bitartean Jauregi aske utzi zuen baina zenbait neurri ezarri zizkion Auzitegi Nazionalak, horretarako inolako zilegitasunik izan gabe, orain onartzen denez: Estatutik ateratzea galarazi eta pasaportea kendu zioten, auzitegian agertzeko agindua zuen...

Duela 40 urtetik gora jasaten duen jazarpenaren azken adibidea izan da hau. Izan ere, duela urte asko alde egin zuen Belgikara eta han bizitza publikoa egin zuen denbora luzez, sukaldari lanean profesional ezagun ere bihurtu zen (liburu bat edo beste argitaratua du, errezetak biltzen dituena).

Horri guztiari ez ikusiarena eginez, azken urteotan Auzitegi Nazionalak zenbait euroagindu aurkeztu ditu Jauregiren aurka, Madrilera ekarri eta bertan epaitu nahian, eta azkenean Espainiaratua izatea lortu zuen, 2020. urtean.

Ordutik 2023ko azarora arte, Jauregi hiru urtez preso izan zuten Madrilen, Alcalako kartzelan, epaitzeko aukera guztiak agortzen zituzten bitartean. Baina leporatu nahi zioten azken atentatuari dagokionez, bere kontrako frogarik ez izateaz gain, preskribatuta zegoela onartu zuen azkenik Auzitegi Nazionalak.

AHO BATEZ

Geroztik, hamar hilabete hauetan Euskal Herrian bizi izan da Jaione Jauregi, betiere kautelazko neurri horiek tarteko nahi duen tokira bidaiatzeko ahalmena murriztuta. Afera Auzitegi Konstituzionalera heldu delarik, neurri horiek bertan behera utzi behar direla onartua izan da, Maria Luisa Balaguer epaileak aurkeztutako txostena onetsita. Aho batez hartu zuten erabakia, gainera.

Jauregik 66 urte ditu jada eta bizitzaren bi herenak jazarpen horren menpe igaro zaizkio: lehenik Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, hortik Mexikora, 17 urtez egon da Belgikan, eta estatu horretan zein espainolean preso izan dute. Azkeneko hiru urteak, gainera, era prebentiboan, inolako epaiketarik egin gabe.