Gauza txikiak
Udazkena euritsu iritsi da. Dagokion legez. Aspaldiko partez, zerbait bere tokian dagoela sentitu dut, baina oreka horren ahuleziaz jabetu naiz Marizzaren “Chuva” abestia entzun eta unean bertan apurtu naizenean. Gasteizetik Iruñera bidean entzun dut fado abeslariaren kantu ederra, eta ezin jakin, bere ahotsak, kantuaren letrak edo biek eta bi lurraldeek aitaz gogorarazten dizkidatenek hautsi nauten.
Sakana aldean ibili zen aita telefoniarako kableen instalazio lanetan. Harreman globaletarako kable-zutoin erraldoiak altxatu ditugu munduan, baina bat-batean hauts daitekeen haria dira gure arteko harremanak. Akaso, gu bezala, komunikazioa ere gauza txiki eta hauskorrez sortua delako.
Gure nagusitasun politikotik eta eskasia moraletik, Kongoko meategietan lapurtutako koltan zati txikiak baliatzen ditugu mikroteknologiarako eta horretaz baliatu da makrogenozidioetan dabilen Israel Libano kolpatzeko. Komunikaziorako tresna denak ditugu eskuragarri, hitz egiteko eta entzuteko gaitasunik ez duen munduan. Baina bada oraindik guk eragindako eta ahaztutako sarraskiei aurre eginez kantuan dabilenik. Horrela gogoratu ditut orain aste gutxi “Bella Ciao” abesten zuten Afganistango eta Irango emakumeak. Badirelako, nonbait, erraldoiak diren gauza txiki eder zenbait.