Zientzia vs. tradizioa
Urtaro bat iritsi aurretik euskal jendartearen ahotan bolo-bolo ibiltzen den kontzeptua da tenporena. Tenporak usadio zaharren sinesmen eta tradizioei jarraituz, urtaro bakoitzak izango duen bilakaera aurreikusteko sistema dira. Udazken honi dagozkionak joan den asteko asteazken, ostiral eta larunbatean izan ziren.
Baina orain dator koska: ba al dute oinarri zientifikorik? Ba, zoritxarrez, ez. Tenporek hiru egun horietan geratzen den eguraldi eta haizeari begiratzen diete, ondorengo hiru ilargi aldietako eguraldia zehazteko.
Kasu honetan ez da eredu edo oinarri zientifikorik tenporen sistema sostengatzeko; beraz, sistema zientifikoa ez dela esan genezake. Kasu honetan, ordea, nik uste dut, halako sinesmena dagoen lekuan eta gure arbasoen kontakizunak aintzat hartuta, zerbaitengatik dagoela halako fedea jarrita tenporetan. Nik neuk jarraipena egiten diet.
Askotan irakurri dut zientzialari sutsuegien eskutik tenporak inozokeriak direla eta ez litzaiekeela kasurik egin behar. Nik soilik gauza bat utzi nahi dut garbi: norberak sinets dezala nahi duen sisteman, inori kalterik egiten ez dion bitartean, eta errespeta dezala ondokoaren pentsaera. Eta utz dezagun ere, zientzia gauza guzti-guztien gainetik jartzeari.