Garraio publikoan %50eko deskontua mantentzea proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, hurrengo urte osoan zehar ere garraio publikoaren %50eko deskontua mantentzea proposatuz.
Ohar batean, koalizio subiranistak atzo azaldu zuen iaztik indarrean dagoen deskontuaren %30 Gobernu espainolak hartzen duela bere gain, eta euskal erakundeek %20 finantzatzen dutela. Madrilek bere portzentajea finantzatzeari uko egingo balio ere, deskontua 2025. urtean zehar bermatzea da EH Bilduren legez besteko proposamenak jasotzen duen eskaria.
Gobernu espainolak garraioa finantzatzeari uztea erabakiko balu, Lakuari eta aldundiei finantzaketaren zati hori beren gain hartzea planteatzen du, «deskontuak orain arteko baldintza berberetan aplikatzen jarraitzeko, Barik, Bat eta Mugi sistemaren barruan dauden garraiobide eta bidaia-txartel berdinetan».
Deskontuen politika horrek erabileran izan duen «eragin positiboa» nabarmentzen du Amancay Villalba legebiltzarkideak aurkeztutako proposamenak, erabiltzaileen kopuruaren igoera nabarmena aipatuz. Dioenez, deskontuak indarrean daudenetik «marka guztiak» apurtu dira garraiobide publikoen erabilerari dagokionez.
SISTEMA PROGRESIBOA
Hau horrela izanik, deskontuei eutsi beharra defendatzen du talde subiranistak, eta «azken helburua txartel bakarra» izan behar dela esaten du. «Tarifa sistema bateratu bat, gehien behar duten kolektiboei bereziki mesede egingo diena, hala nola gazteei, langabeei, desgaitasunen bat dutenei edota familia ugariei», laburbiltzen du lege egitasmoak.
Horrekin lotuta, Villalbak aurkeztutako lege proposamenean «errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako behin betiko tarifa sistema progresibo hori zehazteko prozesua azkartzeko» eskatzen die EH Bilduk Lakuako Gobernuari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei.