GARA
DONOSTIA
Entrevue
BEGOÑA PEDROSA
Lakuako Hezkuntza sailburua

«Hezkuntza komunitatearekin batera garatu behar ditugu legearen dekretuak»

Legegintzaldia hasi berritan, NAIZ Irratian izan zen atzo Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburua. Joan den urtean Hezkuntza Legea onartu zenez, «bide-orria» badutela esan zuen, eta dekretuak zein proiektu zehatzak hezkuntza komunitatearekin batera eraikitzeko deia egin zuen.

(Oskar MATXIN | FOKU)

Joan den astean berreskuratu zuen Gasteizko Legebiltzarrak ohiko jarduera, eta, martxa hartuta, Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza Sailburua NAIZ Irratian egon da. Duela egun batzuk gainerako legebiltzarkideen aurrean bere sailaren ildo nagusiak aurkeztu ostean, horiei ekiteko gogoz agertu zen. «Aurreko legegintzalditik badugu abantaila bat, badugu bide-orri bat, eta orain Hezkuntza Legeari forma ematea dagokigu», esan zuen. Segidan azaldu zuen legetik abiatutako dekretu eta proiektu zehatzak diseinatu zein martxan jartzeko hezkuntza komunitatearekin egin behar dela lan, «nahiz eta batzuetan hori ez den erraza».

Hezkuntzaren doakotasunari dagokionez, konpromiso zehatzak hartu behar direla esan zuen eta une honetan «ariketa analitiko» bat egiten ari direla; besteak beste, garraio- eta jantoki-zerbitzuak ere aintzat hartuz analisi sakonago bat egiteko. «Doakotasunaren bermea beharrezkoa da, ez bakarrik ikuspegi normatibo batetik, aukera eman behar diegu familia guztiei modu berdintsu batean hezkuntza sisteman sartzeko», azaldu zuen Pedrosak.

Hezkuntza Legeko xedapen gehigarrian publifikazioaren gaia jasoa dagoela gogorarazi zuen, baina horrelako pausoak emateko «planifikazioa» beharrezkoa dela: «Horrelako prozesu bat abiatzeko azterketa bat egin behar da, planifikazio bat izan behar du prozesuak, baina hori ez da aski. Beste aldearekin adostasunak bilatu behar dira».

EUSKALDUNTZEA

«Erronkak nahiko argi ditugu euskara eta euskal kultura irakasteko prozesuetan. Baina egun ditugun metodologiak aztertu eta egin beharreko aldaketak egin behar ditugu; baliabideak ere behar ditugu, eta hori guztia diseinatzea eta martxan jartzea dagokigu», erantzun zuen euskalduntzearen inguruan galdetuta. Horrekin batera, ikastetxez ikastetxe egin beharreko lana azpimarratu zuen; izan ere, bere ustez, tokian-tokian sor daitezke proiektu interesgarri eta eraginkorrenak.

Kultur transmisioa eta literatura edota irakurzaletasuna izan ziren sailburuak identifikatutako bi erronka nagusi eta horiei lotuta «curriculumari dagokion mapa» bat egiten ari direla azaldu zuen.

Hizkuntza-ereduen inguruan ez zuen gehiegi sakondu nahi izan, eta azpimarratu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoak A eredua «gutxienekoa» dela. Legegintzaldi honetan hizkuntza-proiektuen inguruko dekretu bat egin nahi dutela jakinarazi zuen, baina horretarako, «hizkuntza proiektuak nola ulertzen ditugun» zehaztu behar dela. Ondoren, adostasunetatik abiatuta, ikastetxe bakoitzak bere estrategia propioa garatu beharko omen du: «Ditugun datuak kontuan hartuta, kezkatu behar gaituena tokian-tokian hartzen diren erabakiak dira, ez horrenbeste ikastetxe bat zein eredutan katalogatzen den».

DIGITALIZAZIOA

Egungo ikastetxe publikoetan erabiltzen diren tresna informatikoak Microsoft enpresaren menpe daude; bi urte barru amaituko da kontratua enpresa horrekin eta, Pedrosa sailburuak azaldu zuenez, bestelako ereduak lantzen ari dira: «Software libreko proiektu pilotua martxan dugu, baina ikastetxeekin lan handia dugu egiteko; esan digute hainbat irakasle ez daudela prest beste eredu batzuk erabiltzeko».

Mugikorraren erabilera debekatzeaz edo arautzeaz galdetuta, hau esan zuen: «Gure helburu nagusia ikasleak erabilera arduratsu bat egiteko ahalduntzea da». Egun araudi hori osatzeko formazioa jasotzen ari dira hezkuntzako profesionalak, eta Altxa Burua elkarteak duen ikuspegia eta Hezkuntza Sailarena ez omen daude «oso urrun»: «Bizikidetza positiboa izateko zein arau jarri behar diren martxan hausnartu behar dugu».