Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-ETAKO HAUTESKUNDE PRESIDENTZIALAK

Hilabete aurrean, Estatu Batuetako historiarako

Hilabete, 31 egun falta dira, zehazki gaur, azaroaren 5a iristeko eta Estatu Batuetako presidente berria hautatzeko. Eta gero eta gehiagok galdetzen dute Euskal Herritik ozeanoaren beste alde honetara: nor doa aurretik? Edo zuzenean: nork irabaziko du? Eta ezin erantzun zehatzik eman. Kontua ez da busti nahi izatea ala ez. Uneotan hain dirudi parekatua lehiak, ez baitago ezer erabakita.

(Hunter CONE | DPA)

Asko da erabakita dagoena. AEBetako 50 estatuetatik 43tan gertatuko dena egintzat jotzen da. Gainerako zazpitan gertatzen denak erabakiko du nor doan Etxe Zurira. AEBetako sistemaren arabera, Kamala Harrisek beretzat jo ditzake 19 estatutatik irtendako 226 hautesle boto inguru, eta Donald Trumpek 24 estatutako 219 boto. Lehia irabazteko 270 behar dira, ordea, eta hautagai bakarrak lor dezake kopuru hori, besteak orokorrean boto gehiago eskuratu arren. Horregatik, AEB osotasunean hartuta, hautagai demokrata 3-4 puntu aurretik egoteak ez du askorik esan nahi, Pennsylvania, Michigan edo Georgiako datu zehatzei erreparatu gabe.

Trumpek hainbat faktore ditu alde, JD Vancek astearteko debatean agerian utzi bezala: jarraitzaileen oinarri finkoa du, eta proposamen muturrekoenak eginda ere, nekez esango du inork ez zekiela nori ematen zion botoa. Herritarren pertzepzioan ere errepublikanoen mezuak biderik egin du: gezurra da Trumpen agintaldian ekonomia orain baino hobeto egon zela, are gehiago, pandemiatik indartsu irteteko gai izan zen Joe Bidenek gidatutako herrialdea, eta langabezia ia teknikoa da. Erreserba federala interes tipoak ere jaisten hasi da. Demokraten aldeko datu mordoaren aurrean, Trumpekin herritarrak hobeto bizi ziren mezua luze-zabal hedatu da.

Europan ere gertatzen da, datu makroak gero eta hobeak izan arren, kriminalitatean kasu, albiste odoltsuenek neurrigabeko arreta piztea, are gehiago delitugilea atzerritarra bada. Horregatik, demokratek arrazoiz esan arren delituek iaz nabarmen behera egin zutela herrialdean, Trumpek are ozenago esaten du Mexikoko mugatik herrialdea inbaditzera datozen gaizkileei buruzko gezurra. Asteon berriz errepikatu du: agintea lortzen badu, legez etorri diren haitiarrak kanporatuko ditu.

Harrisek, eta demokratek oro har, hauteskundeak irabazteko motibo ugari dituzte. Herenegun Liz Cheney senatari ohi errepublikanoarekin batera kanpainan egon zen Wisconsinen, Dick Cheneyren alabarekin, alegia. George Bushen presidenteorde izandakoak, «terrorearen aurkako gerraren» sustatzaile nagusiak ere Harrisen aldeko botoa eskatu du. Errepublikano askok aterpe hartu dute aurkari historikoaren lubakian, Trump AEBetarako zenbaterainoko arriskua den ohartarazteko. Demokratekiko aldeak alde, hauteskundeen emaitza onartzen ez duen eta porrota aitortzeko gai ez den lider baten alde egitea oso arriskutsua da. Baina horrela dago herrialdea.

ASTEON HISTERIA PUNTU BAT EGON DA AEBETAN, PORTUKO

langileen greba dela-eta. Supermerkatuetan komuneko paperik gabe geratu dira, eta beste produktu batzuek ere hornikuntza arazoak izan dituzte. Bidenek esku hartuta, akordioa lortu eta bertan behera geratu da greba. Begien bistakoa da egungo presidenteak bazterrera egin behar zuela, irudi tamalgarria emateaz gain, datuek Trump aurretik erakusten zutelako. Bi hiletan inkestei buelta ematea lortu dute demokratek, ez da gutxi.

Baina erronka berezia dute Pennsylvanian, Michiganen eta Wisconsinen. Hillary Clintoni ihes egin zioten estatuak dira, Bidenek berriz ere demokraten zakura ekarri zituenak. Sindikatuekin sintonia berezia erakutsi du beti presidenteak, ahapeka «ordain ezazue gehiago» hark erakutsi zuen eran. Harrisek ezinbestean behar ditu langile horien botoak. Bai, sindikatu gehienek babesa eman diote, baina badira oraindik ere uzkur diren sindikalista ezagunak. Detroit edo Pittsburgh inguruko lantegietara eta haientzat diharduten fabriketara joanda, asko dira Trumpen mezu xenofoboa erosi duten behargin zuriak. Eta beltzen botoak itxuraz demokratena izaten jarraitzen badu ere, urteotan gehien hazi den beste gutxiengoa, latinoa, nabarmen aldatzen ari da. Oraindik ere gehiago dira demokrata bozkatzen dutenak, baina El Salvadorko Nayib Bukeleren ereduak bezalakoek ere jarraitzaile asko dituzte. Ez da harritzekoa berariaz limurtzea latinoen botoa, eta ez Floridan, Texasen edo Kalifornian soilik: Pennsylvanian ere herritarren ia %10 dira.

Urakan batek, Israelek Iranen aurka jo eta petrolioaren prezioa igotzeak edo migrazioarekin edo delinkuentziarekin lotzeko gai diren edozein albistek alde batera edo bestera eraman dezakete balantza. Datozen 31 egunetan oso adi ibili beharko da, AEBetako historiako une berezienetako baten gaude eta.