Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Victor Saunders eta Mick Fowler-ek Yawash Sar-en lehen igoera egin dute

74 eta 68 urteko alpinistok astebete behar izan zuten jarduera hori biribiltzeko. “Khunjerabeko Matterhorn” bezala bataiatu duten seimilako horretan, bibak oso txarrak izan zituzten.

Victor Saunders, sokaburu, igo gabe zegoen Karakorumeko seimilakoa eskalatzen.
Victor Saunders, sokaburu, igo gabe zegoen Karakorumeko seimilakoa eskalatzen. (Mick Fowler)

Alpinismoaren lehen lerroa aipatu eta lau hamarraldi atzera egiten badugu, Victor Saunders eta Mick Fowler liburu eta aldizkari bat baino gehiagotan azalduko zaizkigu. Duela 37 urte, bi alpinistok oso erakargarria zein estetikoa den Spantik mendiaren (7.028 m) “Urrezko Zutoina” lehen aldiz gainditu zuten. Nazioarteko kide guztiak ahoa bete hortz utzi zituzten. Stephan Venables eta Andy Fanshawhek, adibidez, igoera hori sona handia izan duen “The Himalayas Alpine Style” libururako hautatu zuten.

Nolabait esateko, jarduera handi horrek Saunders eta Fowler erabat lotu zituen. 80ko hamarkadan beste hainbat eskalada bikain egin zituzten, baina bizitzaren norabide aldaketek sokada hori banandu zuten. 30 urte egin zituzten elkarrekin eskalatu gabe. Baina 2016an berriro soka gerrira lotu eta Sersank mendiaren (Indiako Himalaia) iparraldeko hormaren lehen igoera sinatu zuten.

Alpinistok helburu zehatz gehiago zituzten, baina Fowlerri minbizia diagnostikatu zioten. Gaixotasun hori gainditu (egun, kolostomia poltsa batekin eskalatzen du), sasoian jarri, eta berriro espedizioen zurrunbiloan sartu zen. Ia gehienetan bezala, esplorazioaren bidetik.

Aurkezpen xume hau egin eta gero, aurreratu behar dugu soka talde horrek, berriro ere esplorazioan oinarrituta, goi mailako beste jarduera bat egin berri duela. Joan den irailean, alpinistok Yawash Sar mendiaren (6.258 m, Karakorum) lehen igoera egin zuten ipar-mendebaldeko hormatik. Zazpi eguneko jarduera izan zen estilo alpinoan.

Saunders eta Fowlerrek “Kuhnjerab-eko Matterhorn” bezala ezaguna den mendi horretan egin duten aktibitateak ez gaitu ezustean harrapatu. Baina azpimarratzekoa da egun ez direla garai bateko gazteak, eta oso-oso beteranoak direla. Saundersek 74 urte ditu; Fowlerrek, berriz, 68.

Duela pare bat urte, Yamash Sar mendiaren hegoaldeko murruak ekinaldi bat izan zuen espedizio britainiar baten aldetik. Zailtasun handia duen hormaren arroka txarrak atzera egitera behartu zituen. Alabaina, 6.000 metrora heldu ziren.

Mendia igotzeko baimena lortu eta gero, iragan abuztuan bidaiatu zuten Yawash Sar mendira. Kanpaleku nagusia 4.600 metrora antolatu zuten; hain zuzen ere, oso atsegina den zelai batean. Pareta aztertu, ibilbidea aukeratu, girora egokitu, eta pronto zeuden behin betiko ekinaldia egiteko. Astebeteko lanak, irailaren 14an, tontorrean jarri zituen.

Fowlerrek adierazi du eskalatutako murrua oso nahasia dela, baina zorte handia izan zutela baldintzekin: «Nahiz eta prismatikoekin balizko bide egokiena bilatu genuen, onartu behar dut eskalada hori ez dela batere erraza izan. Kale itsuan ibili ginen, baina, halere, traba eta eragozpen guztiak gainditu genituen. Jarduera honek, gainera, izan du ezaugarri berezi bat: bibak guztiak txarrak izan dira. Horietako bat zintzilik egin genuen, eta haizeteek ondo astindu gintuzten. Kokalekua, helburu erakargarria eta eskalada ederra zein zaila; nahasketa ikaragarria izan zen. Eta biok ala biok diogu elkarrekin egin dugun igoera onenetarikoa izan dela. Erabat distiratsua izan zen!».

BIBAKAK

Protagonistok aurreratu dute seimilakoaren inguruan ez zutela informaziorik. American Alpine Journal aldizkarian agertutako argazki txiki bat lortu zuten. Hain zuzen ere, espedizio poloniar batek hartutakoa. Irudi horrek erakarri zituen, eta duela hamar urte baino gehiago, balizko helburu bat bezala hartu zuten. Baina azken urteotako alpiniston bizitzek hainbat gorabehera izan dituzte: arestian aipatu dugu Fowlerren gaixotasuna, pandemiaren leherketa… Azkenean, izarrak lerrokatu eta xede hori forma hartzen joan zen. Argazki txiki horrekin kanpaleku nagusira heldu, eta bizkar-zorroan sartu zuten. Izan ere, balizko ibilbidea aukeratzeko zuten tresna bakarra prismatikoak ziren.

Isuri horren azterketa egin eta pozik geratu ziren, ibilbideak ederra eta bertikala zirudielako. Horrez gain, biek ala biek dituzten irizpideekin bat zetorren: «Ona izateaz gain, aukeratutako marrak igo gabe egon behar du eta tontorrera zuzenean eraman behar gaitu. Hurrengo esaldia ere maiz aipatu dugu: aukeratutako ingurua guretzat berria izan behar da, eta bere kultura erakargarria. Irizpide horrekin batera, bada beste bat: igo behar den ibilbideak zailtasun teknikoak izan behar ditu, baina ez gehiegi. Eta Yawash Sar mendiak hori guztia du».

Bidearen zailtasunari dagokionez, ez dute zehaztasunik eman. Zaila izan dela, eta kito. Baina azpimarra egin nahi izan diote egun bakoitzean eginiko bibakari. Diotenez, leku erosorik ez zuten aurkitu. Batzuetan, zailtasun handiak izan zituzten leku lau bat aurkitzeko. Hots, lan handia egin behar izan zuten itxurazko bibak bat antolatzeko. Eta guztien artetik bada bat oso deserosoa izan zena. Gau bat erlaitz batean eserita egin zuten. Hori gutxi ez, eta haizeteek ondo astindu zituzten. Eserita zeudenez, Fowlerrentzat amesgaiztoa izan zen. Batez ere, egin zioten kirurgiarengatik. Hotza, leku irristakorra… Ia ez zuten lorik egin.

Fowlerren gaixotasuna aipatu dugunez, aurreratu behar dugu uzkian minbizia izan zuela. Erradioterapia eta kimioterapia jaso zituen, baina uzkian eta ondestean ebakuntza egin zioten. Ondorioak aurreratu ditugu. Batetik, kirurgiak utzitakoak, eta bestetik, kolostomia poltsa eramatea: «Kirurgia plastikoaren eraginez, hustu egin ninduten. Eta horrek sentsazio oso deserosoa sortzen du. Horrekin batera, poltsaren gaia dago. Igoera alpino handietan, une oro arropa asko eta arnesa eramaten dituzu jarrita. Eta horrek guztiak eragozpenak sortzen dizkit eskalatzeko orduan».

Haatik, buruhauste horiek guztiak beste arlo batekin “konpondu” dituzte. Hots, bi alpinistok duten kidetasunarekin. 50 urteko adiskidetasuna da, eta elkarrekin egin dituzten eskaladen arrakastaren giltza omen da. Eremu teknikoetan ondo konpontzen dira, eta horrek elkarrenganako konfiantza sendotzen du.

Adinean aurrera doaz; alabaina, erretiroa oso urrun ikusten dute eta aurreratu dute aurrerantzean, osasunak eragozpenik ez badu jartzen, espedizio gehiago egingo dituztela. Onartu dutenez, irteera alpino horiek beste ikuspuntu batekin egiten ari dira. Beti saiatu dira ondo pasatzen eta plazera ematen dieten hormak eskalatzen. Jakina, adinarekin erritmoa jaitsi dute. Ez dituzte helburu batzuk aukeratzen zailak direlako; gai hori ez zaie batere inporta. Arestian aipatu dugun bezala, kidetasunean oinarritzen dute esku artean duten erronka.