Surf taula txistularia
Masayoshi Takanaka musikari oso ezaguna da Japonian, eta azken urteetan, Youtubeko algoritmoei esker, mundu osoko musika zaleen artean famatu bilakatu da. Berrogei milioi biztanle baino gehiago dituen Tokioko metropolian jaio zen, Masayoshi Liu izenarekin, baina Japoniako hiritar bilakatu zenean izen berria hartu zuen: Masayoshi Takanaka. Izen artistikoa ere izan daiteke, gurean hain ezezaguna dena, baina Japonian milioika jarraitzaile dituena.
Japoniako Carlos Santana deitzen diote, nahiz eta ezertan antzik ez izan. Mendebaldean konparazioak egiteko dugun beharraren emaitza sarri zentzugabea da. Bere gustuen inguruko ideia bat ematen du 1979an argitaratu zuen lehen diskoaren izenak: “Seychelles”. Afrika ekialdetik hurbil dagoen 115 uhartez osatutako estatua da Seychelles, Indiako ozeanoan kokatua. Takanakak beti izan du kutsu tropikala. Ordea, ez du bere musikak ekarri lerro hauetara, bere gitarrak baizik, bere instrumentu musikala surf taula bat baita. Duela ia hogei urte sortu zuen «surf gitarra». Bere lagun baten heriotzaren ostean biziari ahalik eta etekin gehien atera behar zaiola ondorioztatu omen zuen, eta hortik sortu zitzaion surf gitarra bat egitearen ideia. Lagunaren heriotzaren eta surf gitarraren artean erlazio zuzena ikusten zuen musikariak: «Bizirik zauden artean nahi duzuna egin dezakezu, baina hilda zaudenean ezin duzu ezer egin. Beraz, surf gitarra bat egitea erabaki nuen». Grazia egiten dit Takanakak duen arrazoitzeko modu sinpleak, infantila dirudi, baina gustatzen zait. Zertarako eman argipen gehiago berak zer nahi duen garbi ikusten badu?
Bahametan bizi zen interneteko sare sozialen bidez laguntza eskatu zuenean. Bere jarraitzaile sutsu batek erantzun zion, erronkari eusteko prest zegoela. Takeda Yutakak surf taula bat egin zuen eta gitarra atxikitzeko masta bat atxiki zion barnealdean. Eskuak sartu ahal izateko zuloak ere ongi diseinatu zituen eta instrumentua pisutsuegia ez izateko bitartekoak ere ezarri zituen. Ordutik, Takanakak bere kontzertuen erdian gitarra aldatzen du, eta pare bat abestitan, surf taula batekin jartzen ditu entzuleak dantzan.
Nik ere izan nuen surf taula musikari bat, eta ez naiz bakarra. Garai batean “pintxo” deitzen genien taula luze eta meheekin itsasoratzen ginen Mundakan, eta oroitzen naiz estreinatu nuen taula batek txistu egiten zuela. Lehen olatuan uste nuen norbait atzetik txistuka ari zitzaidala, baina atzera begiratu nuen eta inor ez. Gero ohartu nintzen taularen lemak zirela txistu egiten zutenak, birak egiten nituenean. Ez dakit ziur zergatik zen, lema finkoek abiadura handiekin jasaten zuten presioagatik edo lemak zorrotzegiak zirelako. Kontua da taulak txistu egiten zuela, ozen, eta olatua marratzen nindoan heinean, nolabait esateko, nire taula abesten zihoala. Nahiz eta txistu bat bezala luzea zen, ezin esan taulak txistu forma zuenik, baina ateratzen zuen soinua txistuarena zen, eta jo beharreko notak ezartzen zituen pentagrama Mundakako olatu zoragarria zen. Abesti hoberik?