Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Non jolasten dira haurrak?

Artikulu hau idatzi dudan egunean haize bolada izugarrien ondorioak nabariak izan dira. Lanera bidean zuhaitz handi bat lurrean botata ikusi dut, begiratoki baten kristalak hautsita, eta suhiltzaileak eraikin betean zer konpontzen ari ziren asmatzen saiatu naiz. Egun osoan hainbat arazo sortu diren arren, ez du izan, zorionez, Floridan gertatutakoaren antzik. Hori bai, agerikoa da gero eta ugariagoak diren muturreko fenomenoei egokitzen hasi beharko dugula. Hortaz, gure hiriak ere egokitzen hasi beharko dugu. Klima aldaketaren inpaktuetara moldatzeko hartutako neurrien artean babesleku klimatikoak ditugu. Praktikan, hauen helburua da bero boladen intentsitate eta iraupen handiei aurre egitea; eta doakoak, irisgarriak, aurkitzeko errazak, ordutegi zabalekoak, ondo identifikatuak eta erosoak izan beharko luketen espazioak dira. Sustatu beharrekoak, zalantzarik gabe, baina, era berean, orokorragoak diren bestelako neurriak ere hartu beharko dira, biztanleria osoaren eguneroko beharrak kontuan hartuta.

Egunarekin jarraituz, arratsaldean, gure semearen bila eskolara joatean, ohiko arazo bat izan dugu, bereziki egun euritsuetan gertatzen dena: nora eraman arratsalde pasa lagunekin jolastera? Izan ere, ez da batere erraza galdera garrantzitsu honi erantzutea: non jolasten dira haurrak hirietan? Jolasa bada oinarrizko jarduera, onura fisikoa, emozionala, soziala, baita garapen kognitiboa ere ekartzen duena. Baina gure hiriek ez dituzte haurren beharrak modu integralean aintzat hartzen, eta haientzat ez dute ingurune prestatu nahikorik eskaintzen, eguneroko bizitzan eragin nabaria izan arren. Erraza da nondik hasi, eskolak espazio publikoekin lotuz, inguruneak zainduz eta eskola bide seguruak garatuz. Baina harago egiteko beharra dago hiri jostagarriagoak lortzeko, jolasetarako hesitutako guneak behingoz gaindituz. Eta zergatik ez egin eraikin eta espazioen malgutasuna eta erabilera ezberdinen aldeko apustua? Ezin ditugu eraikin publikoak haurrentzat ere zabaldu?