Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Kontsolazio-saria

Osloko komiteak nolako mugartean jokatzen duen ez dakien ameslariren batek aurtengo Bakearen Nobel saria Unrwa-ri emango ziotela espero bazuen ere, azkenean, Nihon Hidankyo-ri, Hiroshima eta Nagasakin 1945eko eraso nuklearren biktima izan zirenen eta haien hurbilekoen elkarteari, suertatu zaio. Gizateriaren aurkako krimen goren hark datorren urtean 80 beteko dituela gogoratu du baten batek, erabakia txalotzeko zioa balitz bezala. Saria jaso behar duen antolakundeak berak ere 70 urte inguru badaramatzala jardunean gogoan izanda, ez dakit zertara letozkeen txalo berantiarrak.

Okerrena, hala ere, besterik da; izan ere, geure adimenean bi sistema eragile desberdinekin aritu behar bagenu bezala, saritze horren harira erein nahi izan zaigun ideia da Nihon Hidankyo bezalako antolakundeen ahaleginez, arma nuklearren desagerpenaren aitzindari moduko zerbait litzatekeela Japonia. Ishiba Shigeru lehen ministro berriaren (eta bi aste barruko hauteskundeak direla medio, denbora baterako horretan jarraituko duenaren) adierazpenen bat ere argitaratu da ildo horretan.

Haatik, kontua da saritua bezalako hibakusha-antolakundeak, batetik, eta Ishibak ezin hobeto ordezkatzen duen japoniar elite politiko eskuindarra, bestetik, erabateko talkan daudela. Preseski, gai horrexen inguruan; Konstituzio bakezalea irentzea eta Japonia berriro armatzea. Aspaldiko asmoa du hori Ishibak, baina Alderdi Liberal Demokratikoaren buru izateko kanpainan, pauso bat aurrerago joan da: Asia ekialdeko NATO bat sortzea proposatzen hasi da. Eta arma nuklearren inguruan, mailakako aldarrikapen-estrategia berbera darabil.

Baina Ishiba ez da inondik ere bertso solte bat: japoniar elite eskuindarraren pentsamendu-giroaren erpina besterik ez da berea. Ugaltze nuklearraren abangoardia da gaur egun Japoniako aginte politikoa. Estatu Batuekin lankidetzan, jakina, haren beharrak orain 1945ekoen alderantzizkoak direla aprobetxatuz.

Eta kontsolamenduzko erretorika besterik jasoko ez dutenentzat, kontsolazio-saria... gehienera.