Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Hurbiltasuneko» ligaxka bat Beotibarreko epizentroan partidarik gabe

Kaiolako ligaxkan arituko diren zortzi pilotarietatik lau Tolosaldekoak dira eta bosgarren bat, Zubizarreta ataundarra, 20 kilometro eskasera jaioa.

Artola eta Altuna, atzoko aukeraketan.
Artola eta Altuna, atzoko aukeraketan. (ASPEPELOTA)

Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa gertutasunaren modara batu dela esan genezake, final-laurdenetako ligaxkan parte hartu duten pilotarien jatorriari begiratuta, behinik behin. Izan ere, aurtengo zortzi onenen artean erdiak Tolosaldekoak dira: Altuna, Artola, Jaka eta Peña. Horietariko hiru aurrenekoek, gainera, multzo berean jokatuko dute, oso urrunekoa ere ez den Iraitz Zubizarreta ataundarrarekin batera.

Besterik da 0 kilometroko filosofiara batu direla esatea, Jakak eta Zubizarretak, esaterako, Sorian jokatu beharko baitute euren arteko partida larunbatean eta, are ulergaitzagoa dena, pilotari hauentzat guztientzat horrenbesteko pisua izan duen Beotibarrek ez du, printzipioz, ligaxkako partida bakarra ere hartuko. Hirugarren jardunaldiko partida batek, momentuz, ez du egoitzarik finkatuta eta posible da Tolosara eramatea, baina gerta daiteke ere partida horretan jokoan ezer askorik ez egotea.

Jokin Altuna amezketarrak eta Iñaki Artola alegiarrak, bestetik, Eibarren jokatu beharko dute euren ligaxkako lehen partida igande honetan. Atzoko material aukeraketan bailarako pilotarien arrakastaz galdetu genien eta garai batean inguruko pilota eskoletan eurekin egindako lanari jarri zioten azpimarra. «Marka da, ez dakit zer esan, baina seinale da urte batzuetan hor lana ongi egin dela. Inguruan egon dira pilota eskola indartsu batzuk, Alegiako Intxurre, Bidaniako Aurrera Saiaz, Amezketako Zazpi Iturri... eta ahaztuko zaizkidan gehiago ere bai eta horrek bere fruitua eman du», aipatu zuen Iñaki Artolak.

Jokin Altuna ere pozik agertu zen datuarekin; «seinale ona» dela nabarmendu zuen, baina patuaren garrantziaz ere mintzatu zen. «Kontua da pilotaririk irteten ez denean ez duela esan nahi ez dela lan onik egiten. Nik uste boladak izaten direla, zortea ere behar da, baina argi dago gure kasuan egindako lana oso ona izan dela».

PARTIDARIK ZAILENA

Igandeko lehiari begira, Iñaki Artolak hau onartu zuen: «Aukeratzen jarrita, Altunaren aurka, lau eta erdian eta Eibarren, jar daitekeen partidarik zailena ematen du, baina berak ere egun okerrak izango ditu eta inor ez da garaiezina». Txintxarriak aitortu zuen lesioak hor jarraitzen duela eta arretarekin aritu beharko duela baina, era berean, Ezkurdiaren aurkako partida irabazteak sekulako konfiantza eman diola eta askotan burua gorputza baino garrantzitsuagoa izan daitekeela. Jokoz ikusten du bere burua eta gogoratu du nola iaz, Amezketan, Altuna izan zen azken unera arte partida ez jokatzekotan egon zena sorbaldako minengatik, eta azkenean jokatu, irabazi eta azkenerako txapela nola eskuratu zuen. Aurten gauzak alderantziz izango diren itxaropena erakutsi zuen.