Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
GETTING LOST

Irlara itzuli nahi dut

Lost” telesail ikonikoa estreinatu zenetik 20 urte bete diren honetan, “Getting LOST” iritsi da. Telesailaren inguruan sortu zen fenomeno ikaragarria aztertzen duen dokumentala da; pop kulturaren ikono bihurtu den telesail honek guztia aldatu zuen.

Telesailari berari buruz luze eta zabal gustura idatziko nuke, baina dokumentalean zentratuko naiz. Sortzaileak, aktoreak -gehienak agertzen dira, baina Matthew Fox-en falta sumatu dut- eta zenbait jarraitzaile sutsu elkarrizketatu dituzte -niri deitzea ahaztu zaie- eta telesailaren eszena zein filmatze lanetako irudiekin birbildu dute guztia. Ikuspegi zinematografikotik aztertuz gero, dokumentala arrunta eta laua da, nahiko eskasa, baina ia bi orduz irla horretara berriro bidaiatzeko aukera izatea eta ahaztuak nituen zenbait pasarterekin konektatzea oso polita izan da, berezia. Atalik onenak, sekuentziarik ahaztezinenak, esaldi mitikoak, bitxikeriak eta abar.

Oso deigarria egin zait azken zatian autokritikarako zabaltzen den tartea. Harritu nau, baina osasuntsua eta beharrezkoa iruditu zait, ez baita telesailaren alde liluragarria soilik erakusten, gaizki egindakoak ere plazaratzen dira.

JJ. Abrams, Damon Lindelof eta beste arduradun batzuk gidoilarien artean zegoen giro toxikoa salatzen dute, adibidez, eta lan egiteko modua ez zela onena izan aipatzen da.

“Lost”, beharbada, ez da telesailik onena izango eta, are gutxiago, gidoi horietako asko nola idatzi eta landu ziren ikusi ostean, baina nire bizitzako telesaila da.

Kutunena eta maitatuena, eta hala izango da beti. Urte luzez -eta astero atal bakar bat ikusteko esfortzu titanikoa eginez- alboan izan nuen eduki gogoangarria.

Pantaila baten aurrean ordura arte sekula sentitu ez nituen gauzak sentiarazi zizkidan harribitxi magikoa da.

Gora “Lost”!