XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Subkontzienteari leihoa irekiz

Barbara Stammelen erretratuek denboraren joana islatzen dute. Begirada indartsuak, sarkorrak, mihisearen bestaldean, ikuslea interpelatzen dutenak. Emakume zein gizonezko, belaunaldi desberdinetako gizakiak agertu ditu mihisetan. Aurrez aurre begiratzen diote gehienek Donostiako La Central arte espaziora hurbiltzen den bisitariari. Artistak subkontzienteari libre uzten dion uneetan sortuak.

Barbara Stammel, bere artelan berriez inguratuta, Donostiako La Central galerian.
Barbara Stammel, bere artelan berriez inguratuta, Donostiako La Central galerian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Groseko La Central galerian Barbara Stammelen eta Sergi Cadenasen erretratuak eskegita daude urriaren 26ra bitarte.

Denboraren joanak harilkatzen ditu bi sortzaileen lanak. Bi margolan eta eskultura bat jarri ditu Cadenasek. Eta tamaina handiko lau obra aukeratu ditu Stammelek, hiru neurri ertainekoak eta beste hainbat txikiak. Emakumezkoak zein gizonezkoak. Ez dira urte asko gizonezkoak pintatzen hasi dela.

«Irudi bat agertzen da buruan. Eta margotzeko gogoa. Imajinarioa Euskal Herrira ekartzeko irrika fisikoa. Existentzia eta horrela adieraztea. Batzuetan ez dago irudirik, baina bai sortzeko desira. Nire eskuak buztinean sartu, nahasi eta barreiatu pigmentuak, materiari eragin, ikasgelan agertu arte. Irudia mihiseratzen dut. Prozesu honetan sinesten dut. Sormen prozesua azkarra da. Eta, pintoreak dioen bezala, “Nire koadroak ni baino azkarragoak dira”». Modu honetan aurkeztu du bere burua Barbara Stammelek ere webgunean.

Söckingen (Alemania) 1960an jaioa, margolaria Getarian bizi da 90eko hamarkadatik. Kontaezinak dira urte hauetan guztietan bere eskutik sortu diren erretratuak. Begiak nabarmentzen dira, ikusi batera. Begirada indartsuak, sarkorrak mihisearen bestaldean. Pintzelkadak nabariak dira.

«Erretratu bakoitzean Stammelek figurazioa eta abstrakzio kontrolatu bat konbinatzen dituen teknika bat erabiltzen du, pintzelkada solteak eta pintura geruza lodiak erabiliz. Askotan, aplikatuak baino gehiago zizelkatuak dirudite. Horrek ia ukipenezko kalitatea ematen die obrei, aurpegiak buztinean eratuta baleude bezala, margotuak izan ordez. Subjektuen aurpegiak zeharkatzen dituzten inperfekzioek, markek eta pigmentu arrastoek sakontasuna eta izaera gehitzen dituzte. Aurpegi horiek, adierazkortasunez beteta, bizitzaren eta sentitutako esperientzien istorioak kontatzen dituztela dirudi, haiengan zaurgarritasun eta sendotasun sentipena sortuz, eta ziurrenik behatzaile askorengan oihartzun egiten duen dualtasuna», adierazi dute La Central arte galeriako arduradunek.

ALDAKETA

Azken urteotan bere sorkuntzak izan duen garapenaz, hau dio Stammelek: «Erretratuak askoz leunagoak direla esan didate, ez hain hermetikoak edo agresiboak. Ikuslearekin kontaktua gehiago bilatzen dutela, hurbilago daudela. Azken 30 urteotan pixkana egindako garapena da, ez da aurrez hala erabakitakoa. Urteetan zehar ni aldatu egin naiz eta, ondorioz, nire lana ere bai». Batzuetan pertsona ezaguna erretratatzen du. Helen Mirreni eskainitako lana da horren adibidea. «Asko gustatzen zait aktore bezala eta horrez gain zahartze prozesua nola daraman interesatzen zait», azaldu du artistak.

Edo enkarguak jasotzen ditu. Erakusketan aita eta seme baten margoak daude, elkarren ondoan. «Egin nituenean, erretratuak eurei eman nizkien eta lanean jarraitu nahi izan nuen. Bertsio berriak dira erakusketan ikus daitezkeenak; aurpegi batzuk gustukoak ditut eta gehiago landu nahi izaten ditut».

INTUIZIOA ETA EMOZIOAK, BIDE

Bulkadari jarraiki margotzen du Stammelek. Behin margoa eginda daukala, obraren gaineko hausnarketa dator. «Erreflexioa beti da intelektotik egina, eta ez nago seguru askotan buruak esaten diguna beti egia den. Egunean zehar ez dakit zenbat pentsamendu ditugun, eta haiei jarraitzen diegu. Sinetsi egiten dio buruari. Agian interesgarria litzateke ez sinestea», esan du irribarrez.

Modu oso intuitiboan lan egiten du. «Kontua ez da ‘hau egin nahi dut eta hori lortuko dut’... Nire barruan espazio bat ireki zain egoten naiz. Nire buruak ez du kontrolik bertan. Berez ateratzen dira. Subkontzientearen mugimendu hori da niri interesatzen zaidana».

Emozionalak dira Stammelen lanak. «Sentimendu asko ikusten dira koadroetan. Zaurgarritasuna erakusten dute. Eta jendearentzat ez da atsegina, ez du zaurgarria izan nahi. Askotan esan izan didate nire artea zaila dela. Irudi atseginak nahiago dituzte etxeko paretetan. Pertsona ezezaguna ere ez dute jarri nahi. Nik beti esaten diet koadro bat erakargarri egiten bazaie, ez dela edonor. Eurekin bat egiten badu, dagoeneko ezaguna da. Eta errefusa sentitzeak ere esanahiren bat du berarekin.

«Gaur egun oso interesgarria iruditzen zait gizaki bezala zaurgarri agertzea gizartearen aurrean. Ea zenbat denboran aguantatzen dugun zaurgarriak izaten. Eta ea zein puntutan babestu behar dudan nire burua», nabarmendu du. «Narkotizatuta gaude, koronavirusaren garaian garbi ikusi zen. Agintariek edozer gauza esan eta onartu egiten dugu».

ISPILUAREN EFEKTUA

«Erretratatu baten aurpegian eta begiradan ikusle bakoitzak gauza desberdinak ikusiko ditu. Eta sentituko. Eta horrek ikuslearekin dauka zerikusia. Nire margoak ikusi eta “ze bortitza zaren!”, esan izan didate. “Nik ez dut hori ikusten, zuk ikusten duzu; beraz, bortitza zu zara”, erantzun izan diot. Margotutako pertsona baten begirada aurrez aurre duzunean, gauza interesgarriak gertatzen dira, interpretazio ugari daude», adierazi du.

Publikoarengan eragitea ondorioa da, ez helburua, Stammelen kasuan. «Norbaitek koadro batekin lotura sentitzen badu, oso ondo; agian balizko bezeroa da. Izan ere, koadroak saldu nahi ditut, nire lanetik bizi nahi dut. Baina lehenengo pausoa nire burua espresatzea da».

Beldurtu ala harritu al zara subkontzientea agerian uztean? «Lehenengo bulkada zentsuratzea da! Hori ere... Zenbat aldiz autozentsuratzen gara konturatu gabe? Margotzean agerian geratzen zait. “Espresio hau ze itsusia den”, edo “pertsona honek beldurgarria ematen du” pentsatu izan dut. Edo “ez dut izaera jakin bat erakutsi nahi”. Eta gero diot, neurekiko, zergatik? Erreakzio horren kontziente izatea garrantzitsua da», aitortu du. «Ez duzu psikologoaren beharrik», esan diogu. «Koadroak dira nire psikologoak», erantzun du barre algara artean.

OLIOA ETA PIGMENTOAK

Olio margoak Stammelek berak egiten ditu bere estudioan. «Pigmentoak erosten ditut eta linaza olioarekin nahasiz prestatzen ditut. Oso puruak dira, ez dago beste osagairik. Kalitate handia eskaintzen didate». Inportantea da margoa berehala ez lehortzea, hurrengo egunetan lanean jarraitu ahal izateko.

Artegintzatik bizi nahi luke. Ez da lantegi erraza. «Oro har jendeak ez du artea baloratzen, eta prezioak garestiak iruditzen zaizkio. Ez da gauza bera gertatzen beste gauzekin. Sakelako telefonoekin, adibidez. Bi urtetik behin berria erosten dute, gainera. Iphone batek nire koadro txiki batek baino gehiago balio du», ohar egin du. Erresuma Batua eta Herbehereak bezalako herrialdeetan estimu handiagoa dute Stammelen erretratuek. «Han erretratuaren tradizio luzea dute. Hemen, aldiz, publikoak gustukoago ditu paisaiak», aipatu du.

La Central arte espazioaren irekiera txalotu du: «Oso ausarta iruditzen zait garai hauetan arte galeria irekitzea. Gustu onez ari dira gainera, eta bisitari dezente dabil erakusketan».