Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erik Jakaren abiadurak gozamenerako tarterik gabe utzi du Iraitz Zubizarreta

Saketik hasita, jokoaren ekimena lizartzarrarena izan da, goierritarra pilotara jarri ezinik aritu den bitartean. Iaz finaletik tanto bakarrera geratu zen pilotariak kaiolara sasoi puntu ederrean iritsi dela ohartarazi du. Aurten ere hautagai sendoa da Jaka.

Erik Jaka goitik behera nagusitu zitzaion Iraitz Zubizarretari Sorian.
Erik Jaka goitik behera nagusitu zitzaion Iraitz Zubizarretari Sorian. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Sufritzea egokituko zait, seguru; ea gozatzerik ere izaten dudan», aitortu zigun astean zehar Iraitz Zubizarretak, Lau eta Erdiko final zortzirenetako ligaxkan aurretik dituen hiru partiden inguruan galdetutakoan. Gozamenerako batere tarterik ez zion utzi Erik Jakak Sorian, eta gainean egur handia eramanez egingo zituen etxera bideko kilometro luzeak. Larrazabalen aurka amurrioarrak egindako oparirik ez zion egin lizartzarrak atzo ataundarrari, Urrutikoetxeak sartu ezin izan zion abiadura eman zion Jakak pilotari, eta goierritarra bigarren mailatik lehenengoko onenen artera dagoen jauziaz ohartu zen ikasteko balio beharko liokeen lehian.

Gozatzeko tarte bakarra markagailuan 1-0 aurreratu zenean izan zuen Zubizarretak. Epailearen txapak berari eman zion pilota jokoan jartzeko aukera eta lehen pilotakadarekin tantoa lortu zuen goierritarrak. Hortik aurrera Jakak jarritako erritmoan dantza egitea egokitu zitzaion, agintzera pasatzeko aukerarik gabe. Markagailuan oso atzetik partida osoan, izan zituen apurretan ere ez zuen batere asmatu.

Aparteko bizitasuna du Soriako pilotalekuaren frontisak. Iaz Peio Etxeberriaren aurka ikaragarri sufritu zuen Erik Jakak kantxa berean, eta aurten -bertan aurretik bi entrenamendu eginda- lezioa ondo ikasita joan zen lizartzarra. Lehen pilotakadatik jokoaren ekimenak berea izan behar zuen eta horretan saiatu zen buru-belarri, saketik hasita aurkaria frontisetik urrun mantenduz. Sakeak azpitik, zeharka jota aterata, ezker partean hiltzera atera zituen Jakak, eta min izugarria egin zion kokatzeko arazoak izan dituen Zubizarretari. Frontisean birritan koskaren bat jota, bi falta ere egin zituen Tolosaldekoak, baina bere horretan jarraitu zuen, tanto bakoitzean saketik lortzen zuen aldea ere handia zelako eta bigarren pilotakadarekin ere tanto mordoxka bat lortu zituelako azkenerako.

ERABATEKO DESOREKA

Gutxi izan ziren piloteatutako tantoak, baina horietan ere lizartzarena izan zen ekimena, boleaz ere oso bizi ibili baitzuen pilota, efektuak emanda horren arriskutsua den Zubizarretaren jokoa erabat desaktibatuz.

Baldintza hauetan, behar baino azkarrago hautsi zen atzoko partida, eta txapelketa hasiera honetan gehiegi errepikatzen ari den lehia laburregi bat izan genuen Sorian. Sakearekin asko asmatzen ari dira pilotariak, errestoa gero eta zailagoa egiten zaie gehientsuenei. Kaiolaren arrakasta pilotarien indarrak parekatzen zirelako heldu bazen, espezialitatea xarma hori galtzeko zorian egon daiteke, hurrengo jardunaldietan lehia orekatuagoak ikusten ez baditugu.



Hautagaitza berretsi du Peio Etxeberriak

Txapelketako lehen partida beti izaten da deserosoa edonorentzat; zer esanik ez, elkarren arteko azken bi partidak irabazi dizkizun aurkari bati aurre egin behar badiozu eta hau 4-0 eta 5-1 aurreratu zaizunean. Baina Peio Etxeberriak Aitor Elordiren hasierako erauntsia baretu eta txapelerako bere hautagaitza aurkeztu zuen ostiral gauean Azkoitian. Inolako momentutan kontzentrazioa galdu gabe, Zenotzekoak partida biribila jokatu zuen. Nagusitasunez irabazi zion indarrean zetorren mallabitarrari.

Astelehenean Zabalaren aurka egindako lan itzelari jarraitutasuna emanda, saketik min handia egin zion Aitor Elordik Peio Etxeberriari partida hasieran, baina kaiolan errioxarrak baino baliabide askoz gehiago dituen aurkari batekin topo egin zuen.

Egungo txapeldunordeak laster berdindu zuen partida eta, taktikoki bikain, mallabitarrari min handia egin zion, botera ezkerrez jokarazita. Erakustaldi bat eman zuen eta gainerako aurkariei abisua ere utzi zien: oso kontuan hartu beharreko pilotaria da. J.O.