Ekhiñe PETRIATI
Iruñerriko Bilgune Feminista
KOLABORAZIOA

Erailketa matxista, imajinario arrazista zabaltzeko aitzakia

Azken egun hauetan irakurri izan ditugun berri ikaragarriekin oraindik amorratuta gaude. Orain dela egun batzuk gizon batek emakume* bat erail zuen Arrotxapean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak esaten duen bezala, indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Beraz, horrelako gertakarien berri ematerakoan komunikabideek ardura berezia izan behar dute. Erail duten emakumea* eta haren senideak errespetatzea eta jendarteari informazioa modu egokian ematea dagokie.

Azken berri hau ez da salbuespena izan eta, berriro ere, ez dira datu pertsonalak ezta bizitza intimoa babestu eta ez zaie senideei arreta ezta errespetua erakutsi. Babesgabetasun egoera batera bultzatzeko arriskua areagotzen da eta, hori gertatzen denean, albistea emateak izateko asmoa duen informatibo eta kontzientziatzaile izaerak huts egiten du, ikusleen morboari baino ez baitio erantzuten. Eta horren ondorio izan dira egun hauetan, sentsazionalismoz beteta irakurri ditugun albisteak, titularretatik hasita, testuaren azken puntura arte.

Bestetik, erasotzailearen jatorria behin eta berriz azpimarratzea arrazismo gordin baten isla da, eta horrek ondorio sozial larriak dakartza. Erasotzailea migratutako edota arrazializatutako pertsona dela adieraztean, narratiba horrek protagonismoa hartzen du, eraso matxistaren arrazoi estrukturalak bigarren plano batean utziz. Kasu honetan gertatu den bezala, sentsazionalismoak eta arrazismoak eztabaida mediatikoak kutsatu dituztelarik.

Honek bi arazo nagusi sortzen ditu: batetik, indarkeria matxistaren erroak estaltzen dira, hau da, gizon eta emakumeen* arteko botere harremanak eta emakumeen* zapalkuntzan oinarritutako indarkeria, ezaugarri kulturalei edo kanpoko eraginari egotziz. Bestetik, etnia edo jatorri konkretu bati lotzen zaion imajinario kolektiboa, eta horrek dakarren arrisku guztiarekin: eraso xenofoboak bultzatzea, jendartean arrazismoa normalizatzea eta pertsona migratuen eta arrazializatuen komunitatea estigmatizatzea. Gainera, kontakizun horrek gizon zuriak errugabetasun posizioan jartzen ditu, erasotzailea kanpoan dagoen monstruo beldurgarria, pobrea, arrazializatua eta migratua dela irudikatuz. Ez da horrela. Erasotzailea gizona da beti, berdin du jatorria.

Beraz, indarkeria matxista ez da pertsona jakin batzuen edo talde etniko edo kultural konkretu batean ematen den arazoa; baizik eta jendartean errotutako arazo estrukturala, eta aurre egiteko ongi jakin behar dugu nondik eutsi behar diogun; arazoa estrukturala izanda, alternatiba estrukturalak eraiki behar ditugu. Modu horretan, hedabideen papera indarkeriaren atzean dauden ondorioak azaleratzea eta ikuspegi feministatik informazioa helaraztea izan beharko litzateke. Hau da, matxismoaren eta indarkeriaren aurkako borrokan eragile aktiboak izan behar dute, eta ez sentsazionalismoaren bidez morboari men egin edo narratiba arrazistak sustatuko dituena.

Beraz, faborez, indarkeria matxistari aurre egiteko, jarrera arduratsua hartu eta 2016an Iruñeko Udaleko Berdintasun Arloak hedabideekin egindako eta antolatutako lan jardunaldietan sortutako gogoetak praktikan jarri.