Palestinari elkartasun zabala eta masiboa adierazi dio Euskal Herriak
Palestinarekiko elkartasuna berriz ere kalera atera zen atzo Gernika-Palestina ekimenaren eta sindikatuen eskutik. Milaka lagun solidaritatez biltzeaz harago, palestinarrek konponbideak behar dituztela nabarmendu zuten ia berrehun mobilizaziotan. Berehalako su etena eta Israelek aurrera daraman kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera exijitu zituzten.
Palestinaren aldeko elkartasunak mugarri berria ezarri zuen atzo gurean, Gernika-Palestina ekimenaren eskutik jende mordoa bildu baitzen Euskal Herriko 180 bat herri eta hirietako udaletxeen aurrean arratsaldean egindako elkarretaratzeetan. Aurretik, eguerdian, Palestinak eskubide nazionala errespetatuko duen konponbidea behar duela aldarrikatu zuten euskal sindikatuek, eta unibertsitateetan ere mobilizazioak egin zituzten.
«Gure herriaren luze-zabalean entzun da horrorearen kontrako oihua, palestinar herriaren aldeko oihua. Gaurko egunak beste behin erakusten ditu euskal jendartearen posizioa eta konpromisoa. Aurrerantzean ere Gernika-Pales- tina ekimenak segituko du honelako transbertsalitaterako espazioak eta aukerak sortzen. Bide horretan berresten gara», adierazi zuten elkarretaratzeetan.
Mobilizazio hauetan Leire Vargasek idatzitako poema bat irakurri zuten eta Mahasen al-Khatib gogoratzeko isilunea izan zen. Al-Khatib Gernika-Palestinarekin elkarlanean aritutako ilustratzailea zen. Gazako iparraldean dagoen Jabalia herrian hil zuen Israelek, hainbat lagunekin batera.
«ELKARTASUNAZ HARAGO»
Sindikatuek eguerdian Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran deitutako elkarretaratzeetan ere Euskal Herriak aho batez Palestinaren alde egiten duela irudikatu zuten.
Deialdian ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT/LKN, Steilas, Solidari, EHNE-Nafarroa, Etxalde eta Hiru zeuden.
Bilbon egindako adierazpenetan ELAko Leire Txakartegik aipatu zuenez, «duela urtebete Israel Palestinari bortitzago eraso egiten hasi zenetik, gerra beste herrialde batzuetara hedatu da, eta badirudi ez duela amaierarik». «Palestinako herriak gure elkartasuna behar du, baina, batez ere, konponbideak behar ditu», ohartarazi zuen Txakartegik, eta azpimarratu zuen bide diplomatikoak ireki behar direla, «berehalako su etena eta Palestinako herriaren eskubide nazionala oinarri izango duen konponketa integrala lortu ahal izateko».
LABeko Igor Arroyok, berriz, Palestinako egoerari buruz sindikatuen artean ahots bakarra dagoela nabarmendu zuen. «Euskal Herriko langile klaseak jarrera argia dauka Palestinako herriaren alde eta genozidioaren aurka», gaineratu zuen. Horren aurrean Euskal Herriko erakundeak eta patronala «non dauden» galdetu zuen. Bere ustez, Israel presionatzeko garaia da «sionistek euren jarrera utzi arte». Harreman komertzialak etetea galdegin zuen, «ezin baita genozidekin negoziorik egin».
Arroyok dei zuzena egin zion patronalari, «batez ere gerra makineriarekin eta okupazio sionistarekin harremana duten enpresei», harreman hauek apurtzeko, «ezin baita negoziorik egin genozidioa burutzen ari denean».
EAEko CCOOko idazkari nagusi Loli Garciarentzat, Euskal Herriko langileriak eta sindikatuek «beste behin bat egin dute basakeria, genozidioa eta Palestinako herriaren kontra Israel egiten ari den basakeria salatzeko». Urtebetez Israelek inpunitate osoz jardun duela gaitzetsi zuen Garciak, «giza eskubideak eta nazioarteko hitzarmenak errespetatu gabe».
Horren aurrean, berak ere, elkartasunaz eta salaketaz harago, bide diplomatikoetan lan egin behar dela esan zuen, «behin betiko su etena eta urtetan Israelen okupazioa eta kolonizazioa pairatu duen Palestinako herriaren eskubideen onarpena lortu arte».
EAEko UGTko idazkari nagusi Raul Arzak, era berean, garrantzia eman zion Palestinaren aldeko aldarrikapenean sindikatu guztiek bat egiteari. «Israeli nahikoa dela esateko garaia da», adierazi zuen Arzak, eta erakundeei eskatu zien Benjamin Netanyahuri behin betiko su etena eta Palestinari buruz NBEk onartu dituzten ebazpenak errespetatzea exijitzea.
URTEBETEKO SARRASKIA
«Urrian urtebete izango da Israelek herri palestinarraren aurkako indarkeriaren azken eta enegarren erasoa hasi zuenetik», gogoratu zuen Iruñeko elkarretaratzean ESK sindikatuko Iratxe Alvarezek. Gaineratu zuen Palestina «AEBek, Europako Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa» pairatzen ari dela Israelen eskutik, «mundu osoa zuzenean ikusten» ari den sarraskia, hain zuzen.
«Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi», aipatu zuen Alvarezek, antolatzaileen izenean, eta azpimarratu duen palestinar herriak «amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea» duela. «Horregatik, premiazkoa da denbora gehiegi irauten duen genozidio honi irtenbideak aurkitzea», nabarmendu zuen, eta bide diplomatikoak abiatu behar direla adierazi zuen, «berehalako su etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera nahiz eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko».
«Basakeria honekin amaitzea behar-beharrezkoa da eta, horregatik, giza eskubideak urratzen dituenarekiko konplizitate oro amaitzea eskatzen dugu. Langile klaseari presio neurri guztiak aktibatzen jarrai dezan eskatzen diogu, Israelek Nazio Batuen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bake eta egonkortasun egoera bat lor dadin», gaineratu zuten.
PROTESTA STARBUCKS-EN
Bilbo-Palestina elkarteak Bizkaiko hiriburuko Nafarroa kaleko Starbucks multinazionalaren kafetegian protesta egin zuen, Israelen aurkako boikota sustatzeko asmoz. Hamarnaka lagunek lokala inguratu, kartel handiak jarri eta lurrean eseri ziren, “Palestina askatu” eta “Boikot Israel” zioten kartelak erakutsiz. «Ekimen horren bidez, Bilbon Starbucks multinazionala bezalako interes israeldarren presentzia salatu nahi izan dugu», azaldu zuten ohar batean. «Bilboko Udalaren eta euskal instituzioen Israelekiko kolaborazioari bukaera» emateko eskatu zuten.