Kepa KORTA
Irakasle eta itzultzailea
JOPUNTUA

Adio

Oso zaila egiten zait ezer esatea inor hil berri zaionari. Eta ez naiz horretan bakarra. Horregatik sortu ditu hizkuntzak −hizkuntza komunitateak, alegia− berariazko formulak, asko pentsatu gabe botatzeko modukoak diren horietakoak. Doluminak ematea erraztu beharko lidakete. Baina keba; niri ez didate balio, eta ez dakit oso ondo zergatik. «Goian bego»-rena da kasurik argiena. Erlijioari lotua dago eta, ez balego ere, hori diotenek, Carrero Blanco nola, zergatik bidali nahi dute hildakoa gora? Deskuiduan, zenduak bertigoa balu, betiereko sufrikariora kondenatuko lukete.

«Egun handira arte» esaten diote batzuek hilari berari (entzungo diela uste izan gabe, espero dut). Nire belarrietara behintzat, kutsu erlijioso-mistiko argia dauka horrek ere, noizbait nonbait giza arima xumeok klaserik eta generorik gabeko paradisuan, edo-eta paradisu horretako auzo euskaldunean, elkartuko garen esperantza adierazten baitu. Inoiz iritsiko den garaipen totalaren eguna. Ez dut zerumugan horrelako egunik ikusten.

«Agur eta ohore» deiadarrari, kutsu kristaua ez ezik, militarra ere hartzen diot. Edo militantea. «Militar» eta «militante» ahaide etimologikoak dira, nolanahi ere. Taldean oihukatzeko egokia izan daiteke ibilbide militante ohoretsua egin duenari adio esateko, baina, bestela, ez dakit ba; tokiz kanpokoa egiten zait, gehienetan. Politagoak dira, laikoagoak eta naturalistagoak, «lurra goxo bekizu» eta aldaerak. Baina kurtsi samarrak, igual, eta ez oso garbiak, hautsak haizean zabaldu edo itsasora isurtzeko asmoarekin batera datozenean, batez ere (gogoratu Lebowski).

«Zer axola dio? Gehiegizko garrantzia ematen diezu esaera horiei», esaten didate batzuetan, «hitzak dira, besterik ez». Bai, eta zenduak ez ditu entzungo, gainera. Baina hitzak esaldi egiten direnean, minaren aringarri izan daitezke bizirik segitzen dutenentzat, edo mingarri. Goxoagoak, maitagarriagoak, adierazgarriagoak dira, batzuetan, esaten ez direnak.