Irribarre aztoragarriak
Filmak ibilbidearen gailurrean dagoen Skye Riley izeneko pop izarrari jarraitzen dio: premisa interesgarria da, beldurra ospearen eta fanatikoen obsesioaren testuinguruan sartzen duelako. Honek aurreko filmaren oso bestelako ikuspegia eransten dio, orain mehatxua, beldur pertsonaletik ez ezik, mundu mailako ospearen presio eta boteretik elikatzen baita.
Beldurrezko eszenak erraietakoak eta esplizituak dira, eta, aurreikus daitezkeen izualdi gehiegi dituen arren, kameraren erabilera kreatiboak eta efektu bisual zainduek ikuslea tentsio egoeran eta erne mantentzea lortzen dute. Filmak ondo orekatzen ditu izu psikologikoa eta fisikoa. Beldurrezko film eraginkorra eta nahiko sinesgarria da.
Alderdi nabarmenetako bat Naomi Scotten antzezpen lana da; zaurgarritasunez eta beldurrez betetako interpretazioak intentsitate emozionala eransten dio kontakizunari. Itxuraz indartsua den izar batetik, izuak irentsitako emakume baterainoko trantsizioa oso sinesgarria da. Hala ere, bere arku emozionalak potentzialtasun ikaragarria duen arren, ez da behar den sakontasunarekin arakatzen.
Pelikularen arazorik nabarmenetako bat iraupena da; bigarren zatia gehiegi luzatzen da, eta istorioak ikuspuntua eta erritmo apur bat galtzen ditu. Hasiera batean tentsioa sortzen duten ezustekoen sekuentzia errepikakorrak nekagarri samarrak eta erraz aurreikusteko modukoak bihurtzen dira.
Ez gaitezen engaina: “Smile 2”, funtsean, ongi egindako sustoen pelikula bat da, jump scare formula etengabe errepikatzen duena, baina bigarren zati honetan ospearen eragin psikologikoetan ere sakontzen du eta honek gizarte geruza interesgarria eransten dio. Lehen filmaren unibertsoa modu interesgarrian zabaltzeaz gain, esperientzia bisual aberasgarriagoa eta gaiaren sakontasun handiagoa eskaintzen ditu.