Goi mailako umore beltza, satira, eta suspensea
Lehen mailako entretenimendua, suspensea, umore beltza eta ukitu britainiarra; hori da, gaingiroki, “Inside No. 9” telesail antologikoan topatuko duzuena. Bederatzigarren, eta azken, denboraldia hemen da.
“Black Mirror”-en antzera, atalak solte ikus daitezke; istorioak erabat independenteak dira, hasi eta amaitzen diren film laburrak izango balira bezala. Badituzte, ordea, partekatzen dituzten zenbait ezaugarri nahiko bitxi: 30 minutu inguruko atalak dira, gehienetan Reece Shearsmith eta Steve Pemberton aktoreak -eta telesailaren sortzaileak- azaltzen dira pertsonaia desberdinen rolak jokatzen, istorioak gehienetan 9. zenbakia duen espazio batean girotzen dira -zenbaki hori duen hotel bateko logela, etxe bat…- eta drama, umore beltza, misterioa, thrillerra eta beldurra oinarri dituzten gidoiak lantzen dituzte. Umore beltza, satira, eta suspensea bikainki uztartzen ditu.
‘‘Alfred Hitchcock Presents” edota “The Twilight Zone”-en zertzeladak dituen telesail honen atal batzuk biribilak dira, beste batzuk absurdoak eta oso entretenigarriak, gutxi batzuk ahulagoak eta zenbaitzuk ez dira agian ikusle guztientzat aproposak, baina mikromundu horietako bakoitzean bi protagonistek eszena menderatzeko duten gaitasuna paregabea iruditzen zait. Shearsmith eta Pembertonen antzezpen lana harrigarria da; antzerki kutsua duen eszenaratzeaz baliatuz, kameleoien pareko gaitasuna dutela frogatzen dute, pertsonaia xelebreak eta askotarikoak sortzeko. Krimen (in)perfektuak, konspirazioak, lapurretak, familiako sekretuak... eta, batez ere, ezusteko ugari ikusiko dituzue.
Gidoia aintzat hartu beharreko alderdi garrantzitsua da. Atal bakoitzak bere izpiritua eta giro berezia du; ezustekoz eta bihurgunez josiak daude. Gainera, gai serioak modu entretenigarri eta irudimentsuan lantzen dituzte.