Gure Astea!
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iritsi da; gaur bertan hasiko da eta azaroaren 1era arte luzatuko da.
1989an sortu zen eta, filmak proiektatzeaz gain, gaiekin zerikusia duten ekitaldiak eskaintzen ditu. Aurten, adibidez, atal berria aurkeztu dute: Animedon. Japoniako animea izango du oinarri, eta Akira Toriyama omenduko dute. Azken urteetan Japoniako zinemak eta kulturak protagonismo nagusia jaso dute eta horri emandako babesa ikusiz sortu dute saila.
Posterrak ere esanahia berezia izaten du. «Kafkaren heriotzaren mendeurrena, eta gonbidatu oso berezia, Alex de la Iglesia: nola uztartu bi premisa hauek?», galdegin du Santiago Perezek, aurtengo kartelaren egileak. Aitortu du Franz Kafka idazlearen “Metamorfosia” eleberrian oinarritu dela kartela sortzeko.
Izenburuak eta osagaiak aldatuz joaten diren arren, bada urtero mantentzen den zerbait; alegia, Antzoki Zaharrean sortzen den giro deskribaezina. Txikitatik izan naiz beldurrezko generoaren oso zalea, eta horregatik maite dut bereziki jaialdi hau, baina aretoko hormen artean egunotan bizitzen dena zazpigarren artetik harago doan zerbait da; oso dibertigarria eta zenbait unetan baita surrealista ere. Bertako giroa, parranda etengabea, pantailan gertatzen den (ia) guztia garrasika komentatu beharra... bertan egon denak soilik uler dezake zertaz ari naizen.