«Zoriona, edo antzeko zerbait» eta «London Calling», Zubikarai sariaren emaitzak
Mediterraneora etorri da emakume alargundu berria, doluaren zama itsaso bareago horretako ur urdinetan arindu nahian. Bidaia fisikoa eta emozionala uztartzen ditu Karmele Mitxelenaren eleberri hunkigarriak. Musika eta literatura batu ditu, aldiz, Goio Ramosek 1980ko hamarkadan kokatu duen Hilotzak bandaren istorioan.
2023ko Augustin Zubikarai beka bitan banatu zuen Ondarroako Udalak, Karmele Mitxelena oiartzuarraren “Zoriona, edo antzeko zerbait” eta Goio Ramos Ugaon bizi den basauriarraren “London Calling” saritzeko. Atzo bi eleberriak aurkeztu zituzten idazleek Donostiako ekitaldian, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin eta Urtza Alkorta Ondarroako alkatearekin batera.
Mitxelenak azaldu zuenez, denbora luzean izan du buruan nobela hau, etengabe ibili da istorio berari bueltaka. Gozatu du, baina ipuinak egin izan ditu gehienbat orain arte eta prozesu hau ezberdina izan da. Ipuinak bezala, hasi, jarraitu eta bukatu egin nahi zuen eta barne borroka bat izan du horrekin.
«Mariaren istorioa kontatzen dut. Alargundu berri da; bere senarrak bere buruaz beste egin du, eta iruditzen zait dolua ere bestelakoa dela horren ondorioz. Hori kontatu nahi nuen, bere buruaz beste egiten duen pertsonaren ondoan dagoenaren, kasu honetan bikotekidearen, dolua nolakoa den. Bidaia fisikoa da, oporretara joaten delako, baina barruan ere egiten du bidaia bat, psikologikoa edo emozionala. Bi bidaiak uztartzen ditut».
Bidaia horien helburua bada berriz bizi gogo hori piztea eta horren bila joatea. «Ez dakit lortzen duen ala ez, baina tartean emozio gorabehera asko ditu», adierazi zuen sortzaileak. Maria nola sentitzen den deskribatzen du narrazioan. «Errutik asko duen dolu bat da. Amorrutik, haserretik».
«Oso gustura» dagoela aitortu zuen. «Kontatu nahi nuen istorioa kontatu dut nahi nuen modura. Aske sentitu naiz». Protagonista bera da narratzailea, eta idazkera dotore bezain biziz, pausatu bezain adierazkorrez doa agertzen gogoaren zirrikituetan gordetzen dituenak, bere egunerokoan gertatzen zaizkionekin batera.
Hasieratik nahiko planifikatua zuen egileak kapitulu bakoitzean zer kontatuko zuen. Gero aldaketak egon dira. 11 atal ditu eleberriak eta bakoitza bere horretan bada ipuin labur antzeko bat, hasiera eta bukaera nahiko berezi batekin. Kapitulu bakoitza hagitz desberdina da.
Protagonistak 58 urte ditu, eta kasik zahartzaroan sartua bezala deskribatzen duela erranez zirikatu zuen Mendigurenek Mitxelena. «Bada etapa baten bukaera eta beste baten hasiera», erantzun zion idazleak.
Liburuaren azalari dagokionez, itsasoa eta pertsona bat aurrez aurre dauden momentu hori erakusten du; pertsona bat ageri da itsasoari begira, elkarrizketa horretan, eleberrian sarri errepikatzen den bezala.
MEMORIA KULTURALA
Hain justu, duela 58 urte sortu zen Zubikarai sariaren bigarren irabazlea, Goio Ramos. Euskal Filologian lizentziatua, irakaslea da ogibidez, baina musika da bere pasioa. Baxu-jotzailea izan da beti, eta orain gitarra-jotzailea da.
The Clash pixka batekin, Londres aunitzekin eta musika gehiagorekin osatu du helduentzako lehendabiziko liburua basauriarrak. Musika eta literatura uztartu ditu, azaletik hasita. Bertako argazkia The Clash miresten zuen talde batena dela azaldu zuen, memoria kulturala aldarrikatzearekin batera. Izenburua ere “London Calling” da, bere hitzetan sekula egin den eta egingo den kanturik onena.
Josu eta Mikel adiskide minen istorioa eraiki du, 1984tik 1987ra bitartean kokatuta, Bilbo hegoaldeko herri industrial batean, rock erradikalaren olatua hasten den garaian. 18 urte bete berri, unibertsitatean hasita, Hertzainak, La Polla, Kortatu eta entzuten eta miresten dituzten talde horien moduko banda bat sortuko dute, Hilotzak izenekoa.
«Hiru geruza daude: markoa bera (benetako gertakizun sozial, politiko eta kulturalez osatua), taldearen istorioa, eta hiru protagonista nagusien arteko harremanak, inguruan suertatzen zaizkien gertakizun batzuk zer nolako erabakiak hartzera edo ez hartzera eramaten dituzten», zehaztu zuen Ramosek.
Egitura musikala du nobelak: Intro, setlist eta outro. Atalek ez dute izenburu edo zenbakirik, kantuak entzuteko QR kode bat baizik. Hitzaurre bat ere badu, Hertzainak taldeko Garik idatzia. «Umeentzako ipuin bi atera ditut, helduentzat narrazioak, eta erronka handia izan da nobela hau. Markoa egiteko denbora-lerro luze bat osatu nuen gertakizunak txertatuz, eta lan eta lan aritu naiz amaitu arte. Esperientzia oso polita izan da».