Beldurrak, traumak eta zapalkuntzak
Andrea, Marie eta Camilaren istorioa azaltzen du; hauen kontakizunak solte aurkeztuko dira, baina argumentuek loturak dituzte. Gizon misteriotsu bat segika dutelakoan, beldurtuta, eromenak hartuko ditu; inork ez die sinetsiko. Hirurek, garai eta agertoki ezberdinetan, soinu bera entzun dute: garrasia, negarra, gazteleraz “El llanto” delakoa.
Fenomeno horrek beren beldurrak, traumak eta egunerokoan jasaten duten zapalkuntza agerian uzten dituen hari gisa funtzionatuko du.
Beldurrezko proposamena izan arren, bereziki interesgarria da, ikuspegi nahiko feministatik azaldua dagoelako: indarkeria matxista, emakumeen sexu-askatasuna, ahizpatasuna eta depresioa gaiak jorratzen dira.
Estilo bisualagatik eta ausardia teknikoagatik ere nabarmentzen da, baina narrazioaren garapenean motz samar geratzen da.
Hasiera-hasieratik, pelikulak giro zapaltzailearen eta suspensearen aldeko apustua egiten du, generoaren barruko zenbait film garrantzitsuren izenak gogora ekarriz -‘‘Tesis”, “Rosemary’s Baby” eta “It Follows” dira agerikoenak, esaterako-, baina batzuetan anbiguotasunean galtzen da, eta narrazioa noraezean doan sentsazioa transmititzen du.
Eszena bakoitzak estutasun sentsazioa igortzen du; kolore hotzen paletak eta kamera estatikoak etengabeko egonezinaren sentsazioa indartzen dute, ikuslea misteriozko atmosferan murgilduz. Perfekzio estetiko horrek, ordea, ez du lortzen gidoia guztiz sostengatzea; istorioagatik baino, une askotan, bere sinbolismoagatik kezkatuago dirudien kontakizuna ematen du.
Anbizio handiko filma da honakoa, une nahiko gorenak, aztoragarriak eta oso interesgarriak dituena, baina ez du lortzen bere estilo bereizgarria ondo garatutako istorio batekin orekatzea.