Josu JIMENEZ MAIA
Idazlea
KOLABORAZIOA

Mediku mintzoa

Biziki ernegatzen nauen kontua da nola mintzo ohi zaion sendagile zenbait pazienteari. Minaz mintzo zaizkigu, umeak bagina bezala. Dagoeneko bi giltzurrun transplante egin dizkidatenez, badakit zertaz ari naizen: besteak beste, tutu bat zakil barnean jarri didate bietan. Anestesiaren eraginez, nola sartu zidaten ez nuen sentitu, baina ateratzeko tenorean, beldur nintzen, doike. Antza, ebakuntza egiten zidatelarik gernu-ihesak saihesteko zakilaren barnean tutu txiki bat sartu zidaten eta, ezin betiko utzi hor, erauzi behar zidaten.

Ea minik izanen nuen galdetu nion urologo gazteari: «Minik ez, molestia pixka bat» ihardetsi zidan urologoak, bata zuriaren poltsikotik idazluma bat ateratzen zuelarik, bere eleak indartzeko edo, zeren ez zuen une horretan deusik idatzi beharrik.

Eskarmentuak erakutsi dit «molestia» hitza sendagileek erabiltzen duten eufemismo bat dela, ihesbide aizun bat sendagileen ahotik aise jalgi egiten dena, «min» hitzaren gordina saihesteko. Zeren eta mina norberarena baizik ez da eta, beraz, urologo horrek ez badu sekula sentitu zer den tutu hori sartzea eta ateratzea bere zakil barrurantz eta kanporantz, ez luke esan beharko deusik ere, berak ez dakielako zer sentitzen den eta noraino den min jasanezina, min akutua, min jasangaitza edo eragozpen bat, traba txiki bat −molestia bat− baino ez.

Setatia naizenez gero −edo nahiago izatera, tematia, burugogorra− bigarren galdera bat egin nion eragin behar zidan mina aurreikusi nahian, ene burua hobeki prestatzeko edo: «1etik 10era, zenbateko mina?» Urologoak «bost» erantzun zuen, gehiegi pentsatu ere, eskuan zerabilen idazluma altxatzen zuelarik, horrekin bere hitza indartu nahian edo. Lamy idazluma darabil, alemana, xaloa. Agian, beste Lamy bat, dotoreagoa, ematen ahal diot opari.

Eta heldu unea, urologoak orratz baten moduko tresna eskuan dakarrelarik -ez, ez da idazluma−. Azaldu dit puxika bat dudala tutuaren barruko aldean tutua berez atera ez dadin, eta anestesia jarriko didatela; beste tubo txiki bat sartu eta puxika hustuta, aterako dela tutua. Aise esan du. Zenbateko minaren emaitza, «bosta», oso nota baxua iruditu zaidan pairatu dudan oinazerako; hamaika ikusteko jaioak gara, ez bost. Egia da ez dela oso luzea izan, baina eragin didan sufrikarioa ez diot inori desira.

Urologoari ez diot idazluma bat emanen opari, ezta hurrik eman ere.

Datorren astelehenean, hitzordua.