Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Ipar Koreatik ote datoz gurkhak?

Azaroaren 5aren atarian V. Zelenskyk aurkeztu digun «Garaipen planak» egingarritasun gutxi samar duelako edo, beste istorio bitxi bat etorri da hizpidera ingurumari hauetan, Ukrainako gerraren kontura: Errusian trebatzen arituko liratekeen soldadu iparkorearrena. Eta ipuin guztiek bezala, agian, badu egiazko zerbait sustraian. Baina ipuinaz bestelakoa.

Ulergarria da Kievek egintzat eman nahi izatea iparkorear horiek, Armada errusiarrarekin bat eginda, Ukrainan arituko direla berehala: bere aldetik beste horrenbeste egitea zilegituko lukeela aldarrikatzeko arrazoibide ona litzateke. «Garaipen planak» aldezten duen nazioartekotzerako aurrerapauso garbia. Bestelako kontua, hartara ere egingarria ote litzatekeen. Edonola ere, hori erosi behar duenak bizpahiru inkognita argitu behar ditu aldez aurretik. Lehena, zer irabaziko luke Errusiak, soldadu iparkorear batzuk errekrutatuz? Benetan sinesten al du norbaitek une honetan Gerasimovek duen buruhauste nagusia soldadu kopurua dela?

Gerasimov aipatu dudanez... oso-oso-oso oker ez banago, bera izan da gerra horretan errusiar gerragintzaren bereizgarri klasikoena -aginte batasuna- ezartzen ahalegindu dena. Eta lortu ere, antza, lortu duena. Prigozhin eta konpaiak lekuko. Zertara letorke orain duela urte eta erdi erauzitako milizien antzera funtzionatu beharko lukeen zerbait berregitea?

Zergatik ez du orduan ezesten Kremlinak iparkorearren balizko esku hartze fantasmagoriko hori? Biziro komenigarria zaiolako. Erresuma Batuak gurkhekin hamaika aldiz egin zuena (azkenekoz, Malvinetako gerran, nire gomutaz; Golkoko gerretan ez dut halako oroitzapenik; unitatea bera ere azkenetan bailegoke...) egiteko aukera ikusten duelako (hartarako asmatua ez bada). Izua erein, aurkariari morala jateko.

Bestelako kontua da errusiar eta iparkorear soldaduak elkarrekin entrenatzen ari direla, benetan. Ekialde Urrunean. Giroa serioski gaiztotzen ari den ingurumen batean. Bertakoak eta bertarako. Duela 75 urte bezalatsu. Baina okerragoan.