Bidasoa, sendo EHFn; Anaitasuna, ahul Kopan
Aurreko astean bost golengatik galdu zuen Bidasoa Irunek Errumanian, Constantaren aurka. Eta astearte honetan aurkari beraren aurrean, baina Artalekun, erakustaldia eskaini zuten bidasotarrek hasiera-hasieratik, hain estua dagoen multzoan beste garaipen bat erdiesteko (37-25).
Hasiera arraro samarra izan zen. Alde batetik, 2-2koan, arrazoirik gabe, epaileek bi minutu kaleratu zuten Esteban Salinas, aurkari bati falta egiteagatik, baina argi ikusi zen aurkaria bera bakarrik irristatu zela gola sartzean.
Bide horretatik, epaileek jokalari gehiago kaleratu zituzten hasierako minutuetan. Bidasoak hobeto aprobetxatu zuen jokalari bat gehiagorekin aritzea -lehen ordu erdian lau gol lortu zituzten atezainik gabe egindako jaurtiketetan, horietako bat Maciel atezainarena-, eta horri Macielen geldiketak -lehen zatia 8 geldiketekin amaitu zuen- eta Dariel Garciaren egun ona gehituz -8 gol egin zituen lehen zatian, 10ekin amaitzeko-, irundarrek markagailuan alde egitea lortu zuten. Zortzi goleko errenta izan zen handiena, baina atsedenaldira 20-13 joan ziren aurretik.
Bigarren zatian, pixkanaka aldeak handitzen joan zen Alex Mozasen taldea. Dariel Garciak sendo eta konfiantzarekin jarraitu zuen kontrako atean eta, gainera, Nieto anaiek ere, Gorkak eta Asierrek, protagonismoa hartu zuten. Aipatzekoa, adibidez, 27-16koa, Gorka Nietok, airean, Rodrigo Salinasen pasez, lorturiko gol ederra, partida eta garaipena bezala.
ANAITASUNA, KANPORA KOPAN
Bien bitartean, Anaitasunak Kopako lehen kanporaketa jokatu zuen atzo. Ez zitzaion batere ondo atera talde nafarrari. Quique Dominguezen jokalariak atsedenaldian 11-13 irabazten ari baziren ere, etxeko taldeak partzial garrantzitsu bat lortu zuen bigarren zatiaren hasieran (20-16) eta hortik aurrera ezinezkoa izan zitzaien markagailua berdintzea (29-23).
Gaur Zarautzen txanda izango da. Talde gipuzkoarrak Guadalajararen aurka jokatuko du (19.30) etxean.
Nesketan, Zuazok bai gainditu zuela kanporaketa, Boadillari 21-24 irabazita.