G.I.
HERNANI
SALVE MARIA

Amatasunaren alderik ilunena

Katixa Agirrek 2018an argitaratu zuen amatasuna abiapuntu duen “Amek ez dute” nobela. Ama batek bere ume bikiak hilko ditu, eta haurdun dagoen kazetari batek bere buruari galdetuko dio etengabe nola iritsi ote den emakumea ekintza hori burutzera. Sorkuntzaren eta amatasunaren arteko hausnarketa da.

Liburua hainbat hizkuntzatara itzuli dute, eta zinemara ere salto egin du. Mar Coll zuzendari katalana arduratu da moldaketaz. Filmaren hasierako oharrak honakoa dio: «Liburuaren egokitzapen librea da honakoa». Coll eta Valentina Viso gidoilariaren arteko hirugarren kolaborazioa da.

Maria da pelikularen protagonista. 34 urteko idazlea, erditu berri da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet deituriko emakumeak 10 hilabeteko bikiak hil ditu bainuontzian. Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra eta infantizidioaren gaia oso presente egongo da bere bizitzan. Laura Weissmahr aktore hasi berria eta Oriol Pla dira filmeko protagonista nagusiak.

Thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatuko dira amatasunaren alderik ilunenean murgiltzeko.