A. G.
IDK EUSKOTREN

Eskapada galanta eginda, baina garaile

Lola Pendande, ezusteko heroia.
Lola Pendande, ezusteko heroia. (@FIBABASKETBALL)

Ez zuen eskapada makala egin atzo IDK Euskotrenek Belgradeko Izar Gorriaren kantxan! Aurreneko laurdenean 32 puntu jaso zituzten Azu Muguruzarenek eta 27-14 galtzen izan ziren. Ondoren, orkatilatik hobeto dagoen Delicia Washingtonen eta partidako heroi bihurtu zen Lola Pendanderen -18 puntu eta 9 errebote- artean berdindu zuten norgehiagoka, eta azken laurdenean murgilduta, Halvarsson eta Prieto ere joko bolada onean zirela, 66-76 aurreratu ziren donostiarrak.

Alabaina, 10-0ko partziala sartu zuen orduan talde serbiarrak, eta azken segundoetara markagailua berdinean iritsi zen partida. Masseyk eta Prietok 0-3ko partziala lortu zuten, baina Washingtonek opari eman zuen baloi baten ostean Izar Gorriko Madison Williamsek -27 puntu- 78-79 jarri zuen markagailua.

Pendandek azken segundo horietan jaurtiketa libre bakarra sartu zuen. Baina, defentsan direnak eta ez direnak emanda, donostiarrek garaipena salbatu zuten, Ivana Katanic eta Nedeljkoven artean hiru aukera izan arren partida iraultzeko. Zorionez, Roso Buchek txapela jarrita amaitu zen partida, eta lanak behar bezala eginda, gero arte esan ahal izan zion IDK Euskotrenek Women Eurocup honi, azaroaren 20ra arte.

Hurrengo kanporaketarako leku bat bermatu dute, ligaxka amaitzeko bi jardunaldi falta badira ere.

VALENTZIA BASKET

Horrez gain, Espainiako Saskibaloi Federazioak -FEBek- aditzera eman zuenez, Valentzia Basketek eta IDK Euskotrenek bihar jokatu behar zuten Emakumeen Endesa Ligako partida bertan behera geratu da, ‘Dana’ tanta hotzaren ondorio lazgarrien kausaz.

Valentzia Basketek biktimen familiei «doluminak» azaldu zizkien FEBen bitartez -gogoan izan behar da Valentzia Basketeko burua Juan Roig, Mercadona supermerkatu katearen burua dela, zeinak bertako langileak lanpostura bidali zituen, uholdeagatik alerta gorria piztuta zegoela jakin arren-, eta ahal bezain arinen partida jokatzeko beste egun bat jartzeko konpromisoa ere hartu zuten.