Mendialdean, Urola Kostan eta Gorbeialdean dute langabezia tasa txikiena
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualde guztietako 16 urtetik gorako biztanleriaren langabezia tasa jaitsi egin zen 2023ko urtarrilaren 1ean, Arabako Mendialdea (%5,8), Urola Kosta (%5,9) eta Gorbeialdea (%6,2) nabarmenduz tasa txikia izateagatik. Tasarik handienak, berriz, Enkarterrin (%10,4), Bilbo Handian (%9,9) eta Arabako Errioxan (%9,6) zeuden. Hiru herrialdeetako batez besteko langabezia tasa %8,5ekoa zen orduan, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.
Udalerrien tamainari begiratuta, langabezia tasa txikiagoa zen biztanle gutxiago dituztenen artean. 5.000 biztanletik beherako udalerrien taldea nabarmendu zen, %7,1eko langabezia tasarekin; ondoren, 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrien maila eta 10.000-40.000 artekoa zeuden (%7,7); %9,7ko tasarekin 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak zeuden, autonomia erkidegoko batez besteko langabezia tasaren gainetik.
Hiriburuei dagokienez, Donostiak zuen langabezia tasarik txikiena 2023ko urtarrilaren 1ean (%6,9), eta ondoren, Gasteizek eta Bilbok (%9,1 eta %10,8, hurrenez hurren). Tasak behera egin zuen hiru kasuetan: %1,7 puntu Bilbon, %1 puntu Gasteizen eta %0,8 puntu Donostian.