GARA
ALTSASU

Gerraren eta faxismoaren aurka Altsasun, Topagune Sozialistan

Joan den ostegunetik ospatzen ari dira Altsasun Gazte Topagune Sozialista, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleek antolatuta, eta milaka lagun bildu dituzte. Atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten gerra eta faxismoa arbuiatzeko.

Gazte Topagune Sozialistaren kariaz, atzo egindako manifestazioa.
Gazte Topagune Sozialistaren kariaz, atzo egindako manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Gerraren eta faxismoaren aurkako aldarrikapena kalera atera zuten Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) eta Ikasle Abertzaleetako kideek atzo. Asteburu honetan Altsasuk hartu duen Gazte Topagune Sozialistaren barruan manifestazioa egin zuten.

Antolatzaileen hitzetan, «eztabaidarako eta komunitatea eraikitzeko» diren egunotan milaka gazte elkartu dira Altsasun, honakoez eztabaidatu eta hausnartzeko: euskarazko literatura, Euskal Herriko gazte- eta ikasle-mugimenduaren historia, gaurkotasun politikoari nola heldu, emakumeen laneko prekaritatea eta mugimendu gisa etorkizunera begira dituzten erronkak.

«Gazteok ere kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialistaren aldeko borrokara batu behar gara», adierazi zuten, Topagunearen asmoa ildo horretan ekarpena egitea dela zehaztuz.

Larunbatean egindako manifestazioaz gain, Palestinako eta Libanoko herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten. «Israelgo Estatu terroristak Ekialde Hurbilean hedatzen ari den izu eta heriotzaren aurrean mobilizatzen eta konplizeak seinalatzen jarraitu behar dugu», aldarrikatu zuten.

Atzoko eguna “Mugimendu sozialistaren erronkak” mahai-inguruak ireki zuen. Sare sozialetan laburbildu zutenez, bi gako nagusi nabarmendu ziren bertan. Batetik, «Euskal Herrian eta gainontzeko lurraldeetan politika burgesetik haratago erreferentzia politikoa eraikitzen eta indartzen jarraitu beharra» dagoela ondorioztatu zuten eta, bestetik, «gaur egungo erreakzio eta adierazpen faxistei aurre egiteko betebehar, ardura eta konpromisoa» azpimarratu zuten.

AISIALDIA, KIROLA ETA EZTABAIDA POLITIKOA

Hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruez gain, kirol ekintzak izan dira asteburuan; besteak beste, kirol-ikuskizun bat, areto-futbol txapelketa, boxeo gau-jaialdi bat eta pilota ikuskizuna. Antton Telleria eta Asier K. umoregileen emanaldia, suhiltzaileen erakustaldia, Iago magoaren ikuskizuna eta Belarrijana podcastaren zuzeneko saioa izan dira Altsasun.

Musikak ere leku garrantzitsua hartu du hiru eguneko egitarauan. Ostegunetik zenbait kontzertu izan dira gauetan; esaterako, Sara Zozaya, Mirua, Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi artistenak.

Atzo gauean, behin manifestazioa amaituta eta Topagunea ixteko, Gozzue, Nakar, Bris, Calie, Mateo, Zikuta eta lagunak, TOC, Jaloner, Kaparrak, Tatxers, Kalipotxo, J Martina eta Malakias MX3 izan ziren, Muxutruk erromeriarekin batera.