Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak nazioarteko ekintzari hasiera emango dio martxoaren 8aren bueltan
Irailaren 28an Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak asanblada ospatu zuen Gasteizen. Bertan hogei eragiletik gertu eta ia berrogei emakumek parte hartu zuten.
Besteak beste, 2025. urtean izango den VI. nazioarteko ekintzaren berri eman zuten, zeinetan krisi ekosoziala, migrazioak eta indarkeria matxisten gaiak landuko dituzten.
Mundu Martxa martxoaren 8aren bueltan abiatzea aurreikusten dute eta udazkena bitarte iraungo du. Ekimen nagusia ekainaren erdialdean, 13tik 15era, izango da Marseillan, “Herri subiranotasuna eta bizitza duinak, gerra eta kapitalismoaren kontra” lelopean.
Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak 2025. urteari Atarrabian hasiera emango dio, indarkeria matxisten inguruan egingo diren jardunaldien bitartez. Besteak beste, justizia feministaren eta indarkeria matxisten kontrako protokoloen gaiak jorratuko dituzten.
Irailean egindako asanbladan bertan jardunaldi hauek prestatzeko abian jarri dituzten lantaldeetan parte hartzeko deialdia egin zuten, eragile zein norbanakoei gonbidapena luzatuz. Jardunaldietan izen ematea abenduaren 9a bitartean egin ahal izango da emakumemartxa@gmail.com helbidearen bitartez.
Azkenik, aipatutako VI. Nazioarteko Ekintza Euskal Herrian lurreratzeko aukerak ere aztertu zituzten.
Talde txikitan egindako ideia zaparraden bidez proposamen desberdinak jaso ziren. Datozen hilabeteetan ekintza honek izango duen forma landuaren berri emango dute.