Unai Laso, Altunaren «herriko plazan»
Labrit pilotalekua Unai Lasoren etxea den moduan, Eibarko Astelenak jaberik baldin badauka, Jokin Altuna da bera. Amezketakoak eta Bizkarreta-Gerendiaingoak Eibarren hitzordua izan zuten atzo, igandeko partidarako materiala aukeratzeko. Arazo handirik gabe burutu zuten tramitea eta -bi pilota bizi samar Altunak, biziago eta motelago bana Lasok- domekako finalerdira begiratzea besterik ez zaie geratu biei ala biei.
«Jokinek Astelena bere herriko plaza bezala ezagutzen du», esan zuen Lasok. «Ez dago sekreturik. Nire jokoa atera behar dut; erakutsi dut eskuinarekin min ematen dudala eta horretan zentratu behar dut, Jokin eroso egon ez dadin», adierazi zuen nafarrak.
Altunari ahuldaderik aurkitzea ez da lan erraza; izan ere, ba ote du Amezketakoak ahulgunerik inon? Nolanahi, Lasok bere jokoaren poderioz agertarazi nahi lituzke txapeldunaren muga horiek. «Erritmoa sartu beharko dut eta Jokinek bere jokoa egin dezan saihestu, hori egin behar dut. Eskuinarekin galantak eman behar dizkiot eta bere ezkerra bilatu. Badakigu pilotari osoa dela Jokin, baina bere ahuldadeak ere hor daude eta horiek ateratzera joango naiz», adierazi zuen.
BURUARI BUELTARIK EZ
Altunak «buruari buelta» ahalik gutxien eman nahi dizkio, igandera begira. «Partida nolakoa izango den irudikatzen aritzea alferrik da; gehiegi kezkatzen zara edo gehiegi emozionatzen zara, bestela. Era guztietako partidak jokatu ditut, eta edozer gauza espero dut. Ondo prestatzea eta nire maila ematea da garrantzitsuena, niretzat», azaldu zuen.
Eibarren jokatzeari buruz, onartu zuen «Aspeko pilotariak ohituago gaude hemen aritzera. Baina lehen gehiago jokatzen genuen, eta Unairi entzun diot bereziki gustatzen zaiola pilotalekua; bere jokorako egokia dela iruditzen zait. Frontoiak, baina, ez du partidarik irabazten, eta dena eman beharko dugu», ohartarazi zuen.
Bestalde, Asier Agirreri egindako erresonantzia magnetikoaren arabera, aurrelari nafarrak giharretako haustura du eskuin hankako soleoan, eta ezingo du bihar Lau eta Erdiko Serie B Txapelketako finalerdia jokatu. Haren ordez Ander Murua arituko da.